I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua - Xedea
1.– Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan (aurrerantzean 18/1997 Legea) aipatzen den erregulazioa da Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Gipuzkoako Elkargo Ofizialaren estatutuen xedea.
2.– Hauxe izango da estatutuen izena: Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Gipuzkoako Elkargo Ofizialaren (aurrerantzean Elkargoa, besterik gabe) Estatutuak. Estatutuok 18/1997 Legean ezarritako izaera eta bestelako ezaugarriak izango dituzte.
3.– Estatutu hauetan xedatutakoa lanbidearen eta elkargoaren alorrera mugatuko da estu-estuan, lanbideko jardueraren oinarri den harreman juridikoari dagozkion eskubide eta betebeharrak direnak direla.
2. artikulua.– Gizarte Lanetan Diplomaduna eta/edo gizarte laguntzailea.
Estatutu hauen ondorioetarako, hauek baino ez dira joko gizarte lanetako diplomadun eta/edo gizarte laguntzailetzat: lanbide honetan jarduteko legezko gaitasuna aitortzen duen titulu ofiziala izateaz gain, elkargokide direnak, azken eskakizun hori 20. artikuluan ezartzen baita lanbidean jarduteko.
3. artikulua.– Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Gipuzkoako Elkargoa: ezaugarriak eta izena.
1.– Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Gipuzkoako Elkargoa (aurrerantzean Elkargoa) Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen elkargo-izaerako lanbide elkartea da lurralde horretan. Juridikoki zuzenbide publikoko korporazioa da, legeak babestua eta Estatuko edo Autonomia Erkidegoko aginte eskudunak onartua. Berezko izaera juridikoa du, baita bere helburuak betetzeko gaitasun osoa ere.
2.– Izena hauxe izango du ondorio guztietarako: "Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Gipuzkoako Elkargoa".
4. artikulua.– Lurraldea.
1.– Elkargoaren lurralde eremua gaur egun Gipuzkoako Lurralde Historikoak hartzen duena izango da.
2.– Estatutu hauetan lurralde horretan egindako lanbideko jarduerak hartuko dira kontuan.
5. artikulua.– Helburuak eta eskumenak.
1.– Lanbide elkargoek, oro har, eta Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen elkargoek dituzten oinarrizko helburuak izango ditu Elkargoak ere.
2.– Beraz, lurralde historiko horren barruan eta aplika daitekeen araudian ezarritako baldintzak beteaz, hauek izango dira Elkargoaren funtsezko helburuak: Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen lanbidea antolatzea, lanbidea esklusiboki ordezkatzea eta elkargokideen lanbideko interesak aldeztea.
3.– Elkargoak eskumen hauek izango ditu: lanbide elkargoei, oro har, emandakoak (bereziki 18/1997 Legearen 24 eta 25. artikuluetan aipatzen diren zereginak), Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen elkargoei emandakoak eta proiektatutako araudian Elkargoari ematen zaizkionak.
6. artikulua.– Egoitza, helbidea eta kokapena.
1.– Hauxe izango da Elkargoaren egoitza: Jabier Barkaiztegi 21, bastardea C, 20010-Donostia.
2.– Elkargoko organo eta zerbitzuak egoitzan bertan kokatuko dira. Hala ere, Gobernu Batzordeak baimena eman dezake organo edo zerbitzu horiek, kasu jakinetan, Elkargoko egoitzatik kanpo bildu edo eman daitezen.
7. artikulua.– Erregulazioa.
Gipuzkoako lurralde historikoaren barruan, gizarte lanetako diplomatudunen eta gizarte laguntzaileen lanbide-jarduera eta Elkargoarena xedapen hauek arautuko dituzte: 18/1997 Legeak eta derrigorrez aplikatu beharreko gainontzekoek, estatutu hauek eta 8. artikuluan aipatzen diren araudiek.
8. artikulua.– Araudiak.
1.– Gobernu Batzordeak xedapenak onartu ahal izango ditu. Xedapen horiek araudi izaera izango dute eta artikulu honetan ezarritakoa beteko dute.
2.– Araudiak ez dira izango, inolaz ere, derrigorrez aplikatu beharreko legediaren edo estatutu hauetan xedatutakoaren aurkakoak.
3.– Araudiek 1. artikuluan jasotako gai edo alderdietako edozein arautu ahal izango dute, nahiz eta 7. artikuluan aipatzen diren estatutu eta legeetan berariaz araututa edo aurreikusita ez egon. Zehazki, eta adibide huts gisa, gai hauek ukitu ahal izango dituzte: lanbidean jarduteko txanden araudia, bateraezintasunak, lanbideko sekretua, lanbide-elkarteak, lanbideko araudiak eta deontologiakoak, Elkargoko organoen eta zerbitzuen eraketa eta funtzionamendua etab.
4.– Araudiak onartzea Gobernu Batzordearen eskumena izango da eta ezin izango zaio esleitu beste inolako organori, ezta eskuordetzan eman ere.
9. artikulua.– Interpretazioa.
1.– Gobernu Batzordeari dagokio, halaber, 7. artikuluko arauak interpretatzeko edo argitzeko xedapenak ematea, horien maila edo aplikagarritasuna dena dela, salbu eta derrigorrez aplikatu beharreko legediaren barruan badaude.
2.– Xedapen horien edukia eta interpretatu edo argitutako arauena bateratu egingo dira, eta Elkargoko organoek eta elkargokideek derrigorrez bete beharko dituzte.
|