II. TITULUA
ELKARGOKIDE DIREN GIZARTE LANETAN
DIPLOMADUNEN ETA GIZARTE LAGUNTZAILEEN ESTATUTUA
1. KAPITULUA
ELKARGOKIDE IZATEA.
10. artikulua.– Elkargoan sartzea eta elkargokideak.
1.– Elkargoan sartzea bertako kide egitea da.
2.– Elkargoan dauden bitartean, kideak elkargokide izango dira.
3.– Elkargokideak eskubide osoko kide izango dira sartu diren elkargoan.
4.– Lanbide elkargo bateko kide izateak ez du eraginik sindikatzeko eta elkartzeko eskubidean.
11. artikulua.– Eskubide osoko elkargokideak. "Lanik gabeko" elkargokideak.
1.– 18/1997 Legearen 38. artikuluaren arabera, elkargokideak eskubide osokoak izango dira.
2.– Elkargokideak jardunean egongo dira normalean, egoera horrek ematen baitie Gizarte Lanetan Diplomadunei edo gizarte laguntzaileei beren lanbidean jarduteko gaitasuna.
3.– Hala ere, jarduneko elkargokideen kategorian egon arren, norbaitek lanbide honetan lanik ez badu eta INEMen izena emanez lortu nahi badu, "lanik gabeko" elkargokide izango da. Egoera horretan egonda ere, jarduneko elkargokidetzat hartuko da Elkargoan.
12. artikulua.– Elkargoan sartzeko eskakizunak.
Jarduneko elkargokide izateko, baldintza hauek guztiak bete beharko dira:
a) Nazionalitate espainiarra edo jarduteko elkarrekikotasun-eskubidea izatea, beti ere, Europako Batasuneko eremuan edo Espainiak sinatutako hitzarmen edo itunetan xedatutakoa errespetatuz.
b) 2. artikuluan aipatutako titulua izatea.
c) Lanbidean jarduteko desgaituta ez egotea edo, inoiz egoera horretan izan direnen kasuan, desgaikuntza epea igarota egotea.
13. artikulua.– Elkargokide izateko eskubidea.
Aurreko artikuluan aipatzen diren eskakizunak betetzeak Elkargoko kide izateko eskubidea ematen du.
14. artikulua.– Elkargokide izateko eskabidea.
1.– Elkargoan sartzeko eskabidearekin batera, 12. artikuluko baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira. 12.1.c) artikuluko eskakizuna eskabide-egilearen zinpeko aitorpenaren bitartez justifikatuko da, Elkargoak gaia ikertzeko ahalmena badu ere.
2.– Eskabidean, interesatuak zein eratako elkargokide izan nahi duen adieraziko du.
3.– Elkargokide-mota aldatzeko, nahikoa izango da interesatuak eskaria egitea. Beraz, ez dira aurkeztu beharko lehendik Elkargoari aurkeztutako agiriak.
15. artikulua.– Elkargoan sartzeko eskariari buruzko ebazpena.colegiación.
1.– Eskabidea beharrezko eskakizun guztiak beteta aurkeztu ondoren, Elkargoak hiru hilabeteko epea izango du erabakia hartzeko.
2.– Epe hori amaituta, eskatzaileari ebazpen adierazirik jakinarazi ez bazaio, Elkargoan sartzeko eskaria onartutzat joko da. Presuntziozko egintza hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen araberakoa izango da.
3.– Hala ere, zehazten den organoaren ebazpen baten bitartez, Elkargoak behin-behineko elkargokideak egin ditzake. Arauzko sistema horrek eskariari buruzko behin betiko ebazpena eman arteko eragina izango du.
16. artikulua.– Elkargokide egitea.
1.– Elkargokide izateko eskaria onartzen duen ebazpena, 15. artikuluan aipatua, ematen den egunean egingo da eskabide-egilea elkargokide.
2.– Eskaria ukatuz gero eta horren aurka Elkargoan edo epaitegietan errekurtsorik jarriz gero, errekurtsoari emandako ebazpenean elkargokide izateko eskubidea aitortzen bada, elkargokide izaera Elkargoari ebazpen horren berri ematen zaion egunean hartuko da, ebazpenean bertan besterik xedatzen ez bada.
17. artikulua.– Elkargokide izaera galtzea eta desgaikuntza.
1.– Kasu hauetan galduko da elkargokide izaera:
a) Baja hartu eta Elkargoari horren berri emanez gero.
b) Elkargoan sartzeko baldintzak betetzen ez direnean.
c) Hiru denbora-aldiko kuota atzeratuak ordaindu ez badira, ordaintzeko ohartarazpenari kasurik egin gabe. Horrelakoetan, Elkargoak elkargokideei bidaltzen dien ordainagiri bakoitza joko da denbora-alditzat. Ohartarazpenean, atzeratutako kuotak zenbat diren adieraziko da, baita kideari Elkargoan baja emango zaiola, kuota horiek ordaindu ezik. Zordunari ohartarazpena egin eta hilabetean ez baditu eskatutako kuota guztiak ordaindu, elkargokide izaeraz gabetzeko egintza gauzatuko du Elkargoak. Egintza horrek jakinarazten den egunetik aurrera izango du eragina.
d) Legezko ezintasunagatik.
e) Heriotzagatik.
2.– Desgaikuntza kasuetan, ez da elkargokide izaera galduko, baina eten egingo da, ondorio guztietarako, egoera horrek dirauen artean, salbu eta zehapen-egintzak Elkargoari lotutako zenbait jardueratan aritzeko baimena ematen badu, nahiz eta lanbidean aritzea debekatu.
18. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
Jarduneko elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:
a) Gizarte Lanetan Diplomadunen edo gizarte laguntzaileen berezko jarduerak gauzatzea, lanbideari buruzko araudien arabera.
b) Lanbidean dihardutela, Elkargoaren babesa izatea era guztietako pertsona edo erakunde publiko zein pribatuen aurrean.
c) Gobernu Batzordeko eta hauteskunde bidez aukeratutako organoetako kideak hautatzea eta hautatuak izatea eta Batzar Orokorreko erabakietan parte hartzea.
d) Elkargoko zerbitzuak erabiltzea, horretarako ezarritako baldintzak errespetatuta.
e) Elkargoari prozesuetan ordezkatzeko mandatua ematea, lanbidea dela-eta zor dizkieten ordainsariak auzi-bidean edo horren aurrekoan kobra ditzan. Horrelakoetan, urteko aurrekontuetan berariaz ezarritako eskubideak ordainduko dizkiote korporazioari, bai erreklamatutako ordainsarien tronkoaren portzentaje baten bitartez, bai lehen aipatutako bideetatik edozein erabiliz.
f) Aldiro-aldiro Elkargoaren martxari buruzko informazioa jasotzea —argitalpenen, informazio-saioen, Batzar Orokorren edo Gobernu Batzordeak ezarritako beste edozein bideren bitartez— eta, kasuan kasu, Elkargoak antolatutako jardueretan parte hartzea. Elkargokideek sei hilabetero jasoko dute Elkargoaren martxaren berri aipatutako bideetatik edozeinen bitartez.
g) Lanbideko jardueran Gizarte Lanetan Diplomadunen edo gizarte laguntzaileen izena erabiltzea eta Gizarte Lanetan Diplomadunei eta gizarte laguntzaileei aitortutako onurabideez baliatzea.
h) Elkargoko komunikabideetan beren iritzia askatasunez adieraztea. Iritzi horiek argitaratu edo jakinarazi ezik, horren jakinarazpena jasoko dute.
i) Aurreko eskubideekin nahitaez lotuta daudenak eta korporazioaren erabakietan aitortzen zaizkienak.
19. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
Jarduneko elkargokideek betebehar hauek izango dituzte:
a) Lanbideko jardueran, ezarritako arau deontologiko eta teknikoak gordetzea.
b) Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen lanbideko zerbitzuak erabiltzen dituztenek beren ardurapean utzitako interesak defendatzea.
c) Beren ezagutzak eta lan-teknikak eguneratzea eta lanetan kalitate egokia bermatzea.
d) Estatutu hauek eta horiek garatzeko arauak betetzea, baita Elkargoko organoek emandako ebazpenak ere, errekurtsoak jartzeko aukera gordeta.
e) Elkargoko organoen aurrean agertzea, hala eskatzen zaienean, justifikatutako arrazoirik izan ezik.
f) Helbidez aldatuz gero, 30 eguneko epean horren berri ematea.
g) Batzar Orokorretara joatea.
h) Elkargoko kargu edo zereginen bat esleitu bazaie, hori betetzea.
i) Ezarritako kuotak ordaintzea.
j) Parte hartzen duten alor guztietan, lanbideko sekretua gordetzea.
k) Langileei errespetua eta begirunea erakustea.
l) Lanbideko intrusismoa eta lanbideko bestelako jarduera bidegabekoak Elkargoari jakinaraztea, 18/1997 Legearen 11. artikuluaren arabera.
m) 18/1997 Legearen 13. artikuluan zehaztutako kasuetan, lanbidean nahitaez jardutea.
n) Lanbideko jardueran eragin dezaketen erantzukizun zibileko arriskuak aseguru baten bitartez estaltzea, 18/1997 Legearen 12. artikuluaren arabera.
2. KAPITULUA
LANBIDEKO JARDUERA
20. artikulua.– Elkargokide izan beharra.
1.– Gipuzkoako lurralde historikoan Gizarte Lanetan Diplomadunen edo gizarte laguntzaileen lanbidean jarduteko, ezinbesteko baldintza izango da Elkargo honetako jarduneko elkargokide izatea, salbu eta baldintza hauetako bat gertatzen bada:
a) Ordenamendu juridikoak Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen beste elkargo batzuetako kideei bide ematea Gipuzkoan lanbide horretan jarduteko, 22. artikuluaren arabera.
b) Lanbidean jardun nahi duena gaitua izatea, 21. artikuluaren arabera.
c) Administrazio edo lan zuzenbideak araututako zerbitzu-harreman baten bitartez Administrazioari lotuta dauden profesionalak aplikagarri den legediak kolegiatu beharretik salbuestea.
2.– Artikulu honetan ezarritakoa gorabehera, estatutu hauetako 7. artikuluan ezarritako arauetan zehazten diren eskakizunak bete beharko dira derrigorrez.
21. artikulua.– Gaikuntza.
1.– Elkargo honek Europako Batasuneko profesionalak gaitu ahal izango ditu, beti ere, ordenamendu juridikoaren arabera eta, horren barruan, artikulu honen arabera.
2.– Gaikuntzak dirauen artean, gaitutako pertsonak Gizarte Lanetan Diplomadunen edo gizarte laguntzaileen lanbidean jarduteko eskubidea izango du.
3.– Gaikuntza izateak ez du salbuesten lurralde honetan lanbidean jarduteko eskatzen diren baldintzak betetzetik.
4.– Gaikuntza aldi baterako edo mugagabea izan daiteke, gai jakin baterako edo guztietarako, hori arautzen duen erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
5.– Gaikuntzak berori arautzen duen erregelamendua indarrean jartzen denetik aurrera izango du eragina.
22. artikulua.– Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen beste elkargoetako kide izatea.
Estatuko oinarrizko legedian eta Euskal Erkidegokoan jasotako kasuetan eta baldintzetan eta bertan aipatzen den neurriraino, Espainiako Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen beste elkargo batzuetako kideek ere lanbidean jardun ahal izango dute.
23. artikulua.– Lanbide-elkarteak.
Elkargoak arau bidez ezarriko du noiz jardun daitekeen lanbidean lanbide-elkarteen bitartez. Halaber arautu egingo ditu elkarteok.
24. artikulua.– Asegurua egitea.
18/1997 Legearen 12. artikuluaren arabera, elkargoak behar diren neurriak hartuko ditu elkargokideek artikulu horretan aipatzen den derrigorrezko asegurua egin dutela bermatzeko. Aseguru horrek lanbideko jardueran eragin dezaketen erantzukizun zibileko arriskuak estaliko ditu.
25. artikulua.– Jarduteko araubidea.
Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen lanbideko jarduera estatutu hauetako 7. artikuluan ezarritako arauen araberakoa izango da.
26. artikulua.– Beste tituludunekiko liskarrak.
Beste lanbide bateko norbaitek edo hori babesten duen elkargoak elkargokide bati ahoz edo idatziz, modu frogagarrian edo ez, lanbideko jardueraren bat ez egiteko eskatzen badio, ustez bere lanbideari dagokiolako eta ez Gizarte Lanetan Diplomadunen edo gizarte laguntzaileenari, elkargokideak lehenbailehen jakinaraziko dio Elkargoari, baita bere iritzia eman ere. |