III. TITULUA
ANTOLAKETA
1. KAPITULUA
ANTOLAKETA-SISTEMA
27. artikulua.– Deskribapen organikoa.
Elkargoa organo hauen bitartez egituratuko da:
a) Batzar Orokorra.
b) Gobernu Batzordea.
c) Lehendakaria edo dekanoa.
d) Lehendakariordea edo dekanordea.
e) Idazkaria.
f) Diruzaina.
g) Batzordeak eta lantaldeak.
h) Sor daitezen bestelako organoak.
28. artikulua.– Derrigorrez egon beharreko organoak.
Batzar Orokorra, Gobernu Batzordea, lehendakaria edo dekanoa, lehendakariordea edo dekanordea, idazkaria eta diruzaina Elkargoan derrigorrez egon behar duten organoak dira.
29. artikulua.– Bestelako organoak.
1.– Batzordeak eta lantaldeak estatutu hauetan ezarritakoaren arabera sortuko dira.
2.– Gobernu Batzordeak beste organo batzuk ere sor ditzake, berak jarritako baldintzetan.
30. artikulua.– Organoen arteko harremanak.
1.– Une bakoitzean indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren barruan, Gobernu Batzordeak autonomia izango du bere eskumenak gauzatzeko.
2.– Une bakoitzean indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren barruan, lehendakariak edo dekanoak, lehendakariordeak edo dekanordeak, idazkariak eta diruzainak ere, autonomia izango dute beren eskumenak gauzatzeko.
3.– Artikulu honetako aurreko paragrafoetan adierazitakoa gorabehera, organo horiek Batzar Orokorrari eta Gobernu Batzordeari emango diete beren kudeaketaren berri, estatutu hauetan ezarritako baldintzetan.
4.– Elkargoko beste organo guztiak Gobernu Batzordearen menpe egongo dira hierarkian.
2. KAPITULUA
BATZAR OROKORRA
31. artikulua.– Izaera.
Batzar Orokorra da Elkargoko organo subirano eta gorena, eta ezaugarri horiek dituelako dauka estatutu hauetan aitortzen zaizkion lekua eta zereginak.
32. artikulua.– Osaketa.
Hauek osatuko dute Batzar Orokorra: kasuan kasuko batzarra egin aurreko egunera arte (egun hori barne) eskubide osoko elkargokide egin diren pertsona guztiak, jardunekoak eta ez-jardunekoak.
33. artikulua.– Eskumenak.
1.– 18/1997 Legearen 35.3 artikuluan jasotako eskumenak izango ditu Batzar Orokorrak, hau da:
a) Estatutuak onartzea eta aldatzea.
b) Gobernu Batzordea osatuko duten kideak aukeratzea.
c) Elkargoko aurrekontuak eta kontuak onartzea.
d) Legeek, araudiek eta estatutuek ematen dizkioten gainontzeko eskumenak.
2.– Batzar Orokorrak beste edozein gaitaz ere jardun ahal izango du, beti ere, Elkargoko beste organoen eskumenak errespetatuta.
34. artikulua.– Motak.
1.– Gai hauetako edozein darabilen Batzar Orokorra ohikotzat hartuko da:
a) Gobernu Batzordeko kideak aukeratzea.
b) Elkargoko aurrekontuak eztabaidatzea eta, hala badagokio, onartzea.
c) Elkargoko kontuak eztabaidatzea eta, hala badagokio, onartzea.
d) Kasuan kasuko Batzar Orokorraren aurreko ekitaldian burutako jarduerei buruz Batzar Orokorrak egindako txostena.
e) Hurrengo ekitaldian egin nahi diren jarduerei buruz Gobernu Batzordeak egindako txostena.
2.– 1. paragrafoan aipatutako gaiez bestelakoak darabiltzan Batzar Orokorra apartekotzat joko da.
3.– Ohiko eta aparteko batzar orokorrak egiteko, arau berberak erabiliko dira, salbu eta estatutu hauetan berariaz desberdintasunik ezarri ez bada.
35. artikulua.– Deialdia. Epeak eta lekua.
1.– Gobernu Batzordeak du Batzar Orokorraren deialdia egiteko eskumena. Dena dela, jarraian aipatzen diren kasuetan Gobernu Batzordeak derrigorrez deitu behar du Batzar Orokorra:
a) Elkargoko aurrekontuak eta kontuak onartu behar direnean.
b) Elkargokideen %20ak edo jardunekoen %10ak, gutxienez, idatziz eskatzen dutenean.
2.– Deialdian hauek adieraziko dira: eztabaidatuko diren gaien zerrenda eta bilkurako lekua, eguna eta ordua. Gainera, aurreko paragrafoan aipatutako eskarian adierazitako gaiak ere adieraziko dira, derrigorrez, deialdian.
3.– Deialdia bide hauetatik jakinaraziko zaie elkargokideei:
a) Elkargoan eman duten helbidera igorriz: postaz, mezularien bitartez eta antzeko moduren batez. Jakinarazpena Batzar Orokorra egin baino hamar egun natural lehenago bidaliko da, gutxienez.
b) Elkargoko iragarki-taulan jarritako iragarpenen bitartez. Kasu horretan ere, jakinarazpena aurrerapen berberarekin egingo da.
4.– Batzar Orokorra egin baino 10 egun lehenagotik, gai-zerrendan sartutako kontuei buruzko dokumentazioa Elkargoko egoitzan egongo da, elkargokideen eskura.
5.– Ohiko Batzar Orokorra urteko hasierako sei hilabeteetan egingo da, derrigorrez.
6.– Batzarra Elkargoko egoitzan egingo da, deialdian berariaz beste lekuren bat jarri ezik.
36. artikulua.– Antolaketa.
Batzar Orokorreko lehendakari eta idazkari Gobernu Batzordean kargu horiek dituztenak izango dira edo, ezinezkoa bada, kargua utzik dagoenean, titularra gaixorik edo kanpoan dagoenean edo legezko eragozpenik dagoenean, Batzordean horien ordez aritu behar dutenak.
37. artikulua.– Batzarrera joatea.
1.– Elkargokide guztiek dute Elkargoko Batzar Orokorrera joateko eskubidea eta obligazioa. Denek izango dute hitza eta botoa.
2.– Dena dela, elkargokide guztiek izenda dezakete beste bat beren ordez joateko, beti ere, baldintza hauek guztiak betetzen badira:
a) Ordezkapena idatziz egiaztatuko da batzar bakoitzerako. Agirian hauek jasoko dira: ahalorde-emailearen eta ahaldunaren izen-abizenak, batzarreko eguna eta tokia, ahalordea eman deneko eguna eta tokia eta ahalorde-emailearen sinadura eta, azkenik, batzarrean ordezkatuko duen ahaldunak bere ordez hitz egiteko eta botatzeko eskumena duelako adierazpena.
b) Izendatutako ordezkariak askatasunez emango du botoa kasu guztietan.
3.– Gobernu Batzordeko kideek derrigorrez joan behar dute Batzar Orokorretara, Elkargoko lehendakari edo dekanoari jakinarazitako arrazoiren bat egon ezik.
4.– Elkargoko lehendakari edo dekanoak eskatzen dienean, zuzendariek, kudeatzaileek, teknikoek eta arlo juridiko zein ekonomikoko edo beste arlo batzuetako informazioa eta aholkuak emateaz arduratzen diren pertsonek Batzar Orokorrera joan beharko dute. Horrelakoetan hitza bai, baina ez dute botorik izango.
38. artikulua.– Eraketa.
1.– Batzar Orokorra baliozki eratuko da bertaratutakoen kopurua dena dela.
2.– Batzar Orokorra deialdi bakarrean eratuko da, hain zuzen ere, egindako deialdian zehaztutako orduan. Hala ere, eratzeko unean lehendakariak bidezko arrazoiren bat dagoela ikusten badu, batzarra atzeratu ahal izango du. Bigarren deialdiko batzarra hurrengo 48 orduetan egingo da eta, publizitateari dagokionez, nahikoa izango da atzeratu nahi den batzarrean horren berri ematea.
3.– Bestalde, bertaratutako eta ordezkatutako kideen kopurua kide guztien %10era iristen ez bada eta lehendakaritzaren iritziz ukitu beharreko gaiak garrantzi handikoak badira, batzarra atzeratu egin ahal izango da. Horrelakoetan hurrengo batzarra hilabeteko epean egingo da gai-zerrenda berberarekin.
39. artikulua.– Bilkura.
1.– Batzar Orokorrak ezin izango ditu ukitu gai-zerrendan jasota ez dauden gaiak.
2.– Lehendakariak zuzenduko ditu bilkurak eta, ahozko parte-hartzeak, erantzunak eta eztabaidak bideratzeaz gain, bozketa-proposamenak egin eta sortzen diren zalantzak ebatziko ditu. Zehazki, parte-hartzeen kopurua eta iraupena finkatu ahal izango ditu; baita aldeko eta kontrako txandak eta eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua ere.
3.– Idazkariari akta egitea dagokio.
40. artikulua.– Erabakiak hartzea.
1.– Erabakiak hartzeko, nahikoa izango da gehiengo arrunta, hau da, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago izatea, salbu eta estatutu hauetan quorum handiagoa ezartzen bada.
2.– Erabakiak hartzeko bozketak eskuak altxatuz edo botazio izendun ireki edo sekretuz egin daitezke. Nola egin Lehendakaritzak ebatziko du, Batzar Orokorrari entzun ondoren eta hartu beharreko erabakien garrantzia eta izaera kontuan hartuta. Batzar Orokorrari kontsulta eginda, bertaratutakoetatik inork eragozpenik jartzen ez badu, proposamena besterik gabe onartuko da.
3.– Jarduneko eta ez-jarduneko elkargokideek boto bana izango dute Batzar Orokorretan.
4.– Berdinketa kasuetan, lehendakariak kalitatezko botoa izango du.
41. artikulua.– Aktak.
1.– Batzar Orokor guztien aktak egingo dira. Akta horiek bilkura egin ondorengo hamabost egunetan onartu eta sinatuko dituzte kasuan kasuko batzarrean lehendakari eta idazkari izan zirenek. Epe horretan akta onartu ezik, Gobernu Batzordeak emango dio onespena, eta Elkargoko lehendakariak eta idazkariak sinatuko dute.
2.– Aktan bilkuraren bilakaera eta hartutako erabakiak laburbilduko dira. Halaber, bilkurako partaideek egindako oharrak, jarritako eragozpenak edo emandako kontrako botoak ere jasoko dira, interesatuek aktan jaso dadila eskatzen dutenean.
3.– Elkargoko lehendakariak berariazko eskumena du Batzar Orokorreko erabaki guztiak instrumentu publiko bilakatzeko.
4.– Akten egiaztagiriak bost egunetan igorriko dira beranduen jota, eskaria egiten denetik. Elkargoko idazkariak egin eta sinatuko ditu, lehendakariaren onespenarekin.
3. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEA
1. ATALA.– KONFIGURAZIO OROKORRA.
42. artikulua.– Izaera.
Gobernu Batzordeak Elkargoaren kudeaketa eta ordezkaritza zereginak burutuko ditu eta, ondorioz, estatutuetan esleitzen zaizkion gainontzeko zereginak burutzeaz gain, Elkargoa zuzendu eta administratuko du, Batzar Orokorraren erabakiak beteko ditu eta diziplina-ahalmena izango du. Eskumen horiek estatutuetan ezarritako moduan erabiliko ditu.
43. artikulua.– Osaketa.
1.– Gobernu Batzordeak bost kide izango ditu gutxienez eta hamar gehienez. Kide horiek Batzar Orokorrak aukeratuko ditu estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.
2.– Aurrekoa gorabehera, Batzar Orokorrak Gobernu Batzordeko kideen gehienezko kopurua handitu ahal izango du, elkargokide-kopuruaren igoerari proportzionalki egokitzeko. Kideen kopurua handitzea erabakiz gero, postu horiek Gobernu Batzordea aukeratzeko hurrengo hauteskundeetan beteko dira.
3.– Gobernu Batzordean 27. artikuluan aipatutako karguak egongo dira, hauek alegia: lehendakaria edo dekanoa, lehendakariordea edo dekanordea, idazkaria eta diruzaina. Gobernu Batzordeko gainontzeko kideak bokalak izango dira.
44. artikulua.– Iraupena.
1.– Gobernu Batzordeko kideak lau urtez arituko dira organo horretan, postuaz jabetu zirenetik kontatuta. Salbuespen izango da epe hori amaitu aurretik estatutu hauetako 72. artikuluan jasotzen diren kargu-uzteetako bat gertatzen bada.
2.– Gobernu Batzordeko kide batek lau urte igaro baino lehen kargua uzten badu eta bere ordez beste bat izendatzen bada, izendatu berriak kargua utzitakoari 1. paragrafoan aipatzen den lau urteko epea betetzeko gelditzen zitzaion denboraz arituko da. Salbuespen izango da lehenago estatutu hauetako 72. artikuluan jasotzen diren kargu-uzteetako bat gertatzen bada.
3.– Gobernu Batzordeko kideek aurreko paragrafoetan zehaztutako epe-mugez harago jarraitu ahal izango dute karguan baldin eta hurrengo hauteskunde-prozesuan aukeratutakoek postuaz jabetu ez badira. Egoera horretan sei hilabetez egon ahal izango dira, gehienez, epe-muga horretatik kontatuta, salbu eta Batzar Orokorrak, aparteko eta premiazko arrazoiak direla-eta, epe hori luzatzea onartzen badu. Paragrafo honetan aipatzen den agintaldiaren luzapenak ez du ekarriko Gobernu Batzordeari eta bere kideei dagozkien eskumenen murrizketarik.
45. artikulua.– Eskumenak.
1.– Gobernu Batzordeari dagokio Elkargoa arlo guztietan kudeatzea, zuzentzea, administratzea, eraentzea eta ordezkatzea. Horretarako eskumen hauek izango ditu: era guztietako xedapen eta administrazio egintzak burutzea; edozein motatako kontratuak egitea; era guztietako egoera eta harreman juridikoak izatea, sortzea, aldatzea eta deuseztatzea eta edozein eratako eta izaeratako egintzak gauzatzea. Horretarako estatutu hauetan ezarritako mugak baino ez ditu izango.
2.– Gai hauek Gobernu Batzordearen eskumenetik kanpo egongo dira: batetik, Batzar Orokorrari dagozkionak eta, bestetik, Elkargoaren beste organo batzuei esleitutakoak, baldin eta berariaz adierazten bada Gobernu Batzordeak aurrerantzean gai horietan duen eskumena galdu egingo duela.
3.– Adibide-gisa, Gobernu Batzordeak eskumen hauek izango ditu:
a) 18/1997 Legearen 36.3 artikuluan jasotakoak, hau da, estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedurak bultzatzea; Batzar Orokorrari bere eskumeneko gaiak proposatzea; Elkargoko aurrekontuak eta kontuak egitea; elkargokideekiko diziplina-ahalmena erabiltzea; Batzar Orokorretara joatea eta legeek, araudiek eta estatutuek ematen dioten beste edozein.
b) Kide berriak onartzeko erabakia hartzea.
c) Elkargokideek ordaindu beharreko kuotak 97. artikuluaren arabera zehaztea eta zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko eskubideak finkatzea.
d) Epaitegiei eta era guztietako agintariei peritu arituko diren elkargokideen izenak ematea. Horrelakoetan jarduteko, txanda bat edo gehiago egingo dira, berariaz onartzen diren funtzionamendu-arauen arabera.
e) Lanbideko jardueraren ondorioz aurkeztutako erreklamazio oinarrituetan elkargokideei aholkua ematea, ezarritako aurrekontu-baliabideen barruan. Kasu horietan, elkargokidearen ordez ere aritu ahal izango da era guztietako erakunde publiko eta pertsona pribatuen aurrean.
f) Elkargokideen lanbide-ordainsari egokiak kobratzeko gestioa bere gain hartzea. Horrelakoetan, horien ordezkaritza ere hartu ahal izango du, prozesu-ordezkapenaren bitartez, beti ere, elkargokideak eskatuta eta Elkargoko urteko aurrekontuetan ezarritako baldintzetan.
g) Elkargokideek lanbideko jardueran bete behar dituzten arauak ezartzea.
h) Elkargokideek beren lanbideko jardueran behar duten askatasuna eta independentzia zaintzea eta errespetatzen dela bermatzea.
i) Neurriak hartzea gizarte-lanetako diplomadunek eta gizarte laguntzaileek lanbideko jardueran gorde beharreko arauak gorde ditzaten, bai beste elkargokideei erakutsi beharreko begiruneari dagokionez, bai lanbideko zerbitzuak jasotzen dituztenei dagokienez. Beraz, zuzenak izatea eta lanbidean gaitasunez jardutea eskatuko zaie.
j) Gizarte-lanetako diplomadunek eta gizarte laguntzaileek lanbideko jardueran ematen dituzten zerbitzuen kalitatea zaintzea eta profesionalen ezagutzak eguneratzea. Halaber, kasu bakoitzak eskatzen dituen ezagutzak eta titulazioa ez dutenei eragotzi egingo die lanbidean jardutea. Hortaz, intrusismoaren aurka egingo du eta bateraezintasunak salatuko ditu.
k) Batzar Orokorreko eta Gobernu Batzordeko kideen hautaketarako deialdiak egitea.
l) Gizarte-lanetako diplomadunen edo gizarte laguntzaileen berezko lanak egitean edo ordaintzean sortutako desadostasunak laudo bitartez ebaztea interesatuek hala eskatzen badute.
m) Beharrezko neurriak sustatzea eta bultzatzea gizarte-lanetako diplomadunen edo gizarte laguntzaileen enplegu maila ahalik eta handiena izan dadin.
n) Korporazioaren helburuak betetzeko behar diren batzorde eta lantaldeak sortzea, bultzatzea eta garatzea eta behar dituzten ahalmenak ematea.
o) Era guztietako erakunde publiko eta pribatuekin lankidetza akordio eta hitzarmenak egitea, Elkargoaren helburuak ahalik eta ondoen betetzeko.
p) Elkargoko argitalpen bakarrei zein aldirokoei buruzko erabakiak hartzea eta, hala badagokio, horien zuzendaritza eta erredakzio organoak zehaztea.
q) Zuzeneko zein beste erakundeekin zehaztutako edozein kudeaketa formula erabiliz, prestakuntza jarduerak egitea. Ildo horretatik, ikastetxeen edo unibertsitate-institutuen sorkuntza sustatu eta horien jardueretan parte hartu ahal izango du.
r) Lanbideko ordainsariei buruzko arau orientagarriak argitaratzea.
s) Lanbideko zereginetan dihardutenean edo jarduera horien ondorioz sortzen zaizkien arazoetan, elkargokideak erakunde publiko zein pribatuen aurrean aldeztea.
t) Era guztietako agintari eta erakundeen aurrean, eske-eskubidea gauzatzea.
u) 2. artikuluan aipatzen diren tituluak lortzeko ikasketa-planak egiteko orduan, parte hartzea.
v) Unibertsitate eta ikastetxeekin lankidetza-hitzarmenak egitea, irakaskuntza maila desberdinetan.
x) Gizarte Lanetan Diplomadunen edo gizarte laguntzaileen titulua eskatzen den enplegu-deialdi publikoetan, programak egiten laguntzea eta epaimahaietan arituko diren bokalak izendatzea.
y) Gizarte Lanetan Diplomadunen eta gizarte laguntzaileen lanbidearen alorreko ikerketak eta irakaskuntza sustatzea.
z) Herri administrazioek eskatuta, horiek zehaztutako gaiei buruzko txostenak eta irizpenak ematea. Halaber, era guztietako agintariek Gizarte Lanetan Diplomadunen edo gizarte laguntzaileen partaidetza eskatzen dutenean, horiek izendatzea berezko zereginak gauza ditzaten.
46. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Gobernu Batzordeak osoko bilkuretan jardungo du.
2.– Dena den, Batzorde Iraunkorrean ere jardun ahal izango du, beti ere, batzorde hori Gobernu Batzordearen osoko bilkuran eratu bada. Kasu horretan, Batzorde Iraunkorra estatutu hauetako 56., 57. eta 58. artikuluetan xedatutakoaren arabera eraenduko da. Hala ere, Batzorde Iraunkorrak hartutako erabaki guztiak Gobernu Batzordeak hartu dituela joko da.
2. ATALA.– GOBERNU BATZORDEAREN OSOKO BILKURA.
47. artikulua.– Osaketa.
Gobernu Batzordeko kide guztiek osatuko dute Gobernu Batzordeko Osokoa, lehen aipatutakoek, alegia.
48. artikulua.– Eskumenak.
Gobernu Batzordearen Osokoak 45. artikuluan Gobernu Batzordeari esleitzen zaizkion eskumen guztiak izango ditu.
49. artikulua.– Deialdiak. Noiz eta non.
1.– Lehendakariak izango du Gobernu Batzordearen Osokoa deitzeko ahalmena. Dena dela, derrigorrez egin beharko du deialdia baldin eta kideen %20ak eskatzen badu, eztabaidatuko diren gaiak zehaztuta.
2.– Deialdietan, bilkuran eztabaidatuko diren gaien zerrenda jasoko da, baita bilera non, zein egunetan eta zein ordutan egingo den ere. Deialdian derrigorrez sartu beharko dira aurreko paragrafoan aipatutako eskarian zehaztutako gaiak.
3.– Deialdia Elkargoan utzita duten helbidera igorriko zaie kideei —postaz, mezulari-zerbitzuen bitartez edo antzeko moduren batez— bilkura egin baino 72 ordu lehenago, salbu eta presazkoa bada, kasu horretan nahikoa izango baita 24 orduko aurrerapenarekin bidaltzea.
4.– Gobernu Batzordearen Osokoa hilean behin bilduko da gutxienez.
5.– Deialdian berariaz besterik adierazten ez bada, bilerak Elkargoaren egoitzan egingo dira.
50. artikulua.– Barne-antolakuntza.
Gobernu Batzordeko Osokoko lehendakaria eta idazkaria Elkargokoan kargu horiek betetzen dituztenak izango dira.
51. artikulua.– Bileretara joatea.
1.– Gobernu Batzordeko kide guztiek dute osoko bilkuretara joateko eskubidea eta obligazioa eta hitza eta botoa izango dute.
2.– Bileretara norberak joan behar du. Ez da, beraz, inolako ordezkapenik onartuko.
3.– Osokoko lehendakariak eskumena izango du kudeatzaileak, zuzendariak, Elkargoko gainontzeko teknikariak edo komenigarri iritzitako beste edozein bilkurara deitzeko, alor juridiko edo ekonomikoko alorretan edo bestelakoetan informazioa eta aholkuak eman ditzaten. Hitza izango dute baina ez botorik.
52. artikulua.– Eraketa.
Gobernu Batzordearen Osokoa baliozki eratzeko, kideen gehiengo osoak egon behar du bertan.
53. artikulua.– Bilerak.
39. artikuluan Batzar Orokorrari buruz esandakoa aplikatuko da.
54. artikulua.– Erabakiak hartzea.
1.– 40. artikuluan Batzar Orokorrari buruz esandakoa aplikatuko da.
2.– Lehendakari lanetan diharduenak kalitateko botoa izango du, berdinketa kasuetan erabakia hartzeko.
55. artikulua.– Aktak.
41. artikuluan Batzar Orokorrari buruz esandakoa aplikatuko da.
3. ATALA.– GOBERNU BATZORDEKO BATZORDE
IRAUNKORRA.
56. artikulua.– Osaketa.
Gobernuak Batzordeak aukeratutako kideek osatuko dute Batzorde Iraunkorra. Gehienez hiru kide izango ditu eta gehienez bost.
57. artikulua.– Eskumenak.
1.– Gobernu Batzordeko Batzorde Iraunkorrak 45. artikuluan esleitzen zaizkion eskumenak izango ditu. Erabakiek Gobernu Batzordearen Osokoak hartutakoen balio eta eragin berbera izango dute, hurrengo paragrafoko salbuespena salbuespen.
2.– Gobernu Batzordeko Osokoaren hurrengo bilkuran, Batzorde Iraunkorrak bere erabakien berri emango dio, hark berariaz sendets ditzan. Gobernu Batzordearen Osokoak Batzorde Iraunkorraren erabakiren bat ez sendestea erabakitzen badu, erabaki hori baliogabetu egingo da eta aurrerantzean ez du eraginik izango.
58. artikulua.– Funtzionamendua.
Batzorde Iraunkorraren funtzionamendua batzordea bera arautzen duen erregelamenduari egokituko zaio. Sorospidez, estatutu hauetako 49. eta 55. artikuluetan Gobernu Batzordearen Osokoari buruz xedatutakoa beteko da.
4. atala.– Hautaketa.
59. artikulua.– Hauteskunde araubidea.
1.– Gobernu Batzordeko kideak Batzar Orokorrak aukeratuko ditu elkargokide guztien artean sufragio unibertsal, aske, zuzeneko eta sekretuaren bitartez, atal honetan jasotako manuen arabera.
2.– Aldi bakoitzean Gobernu Batzordeko kideen erdiak berrituko dira. Hortaz, Gobernu Batzordeko kideen erdiek beren agintaldia amaitzen dutenean, beste erdiak agintaldiaren erdian egongo dira, estatutu hauetako 44. artikuluan ezarritako iraupena kontuan hartuta. Kideen erdiek beren agintaldia bukatzen dutenean, artikulu honetako 5. paragrafoan aipatzen diren hauteskundeak egingo dira.
3.– Aipatutako erdi horiek estatutu hauetako Bigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera eratuko dira.
4.– Hauteskundeak, horiek egiteko arrazoia dena dela, zerrenda irekien prozeduraren bitartez egingo dira; hau da, hauteskunde prozesuan sartzen den Gobernu Batzordeko postu bakoitza hartuko da aintzat, beste postuetatik bereiz.
5.– Agintaldia amaitu delako egiten diren hauteskundeak (72. artikulua), 60. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera eraenduko dira.
6.– 5. atalaren arabera (72. artikulua) hauteskundeak egitea eskatzen duen bestelako kargu-uzteren bat gertatuz gero, hauteskundeak 70. eta 71. artikuluetan xedatutakoaren arabera egingo dira.
60. artikulua.– Deialdia.
1.– Gobernu Batzordeari dagokio Gobernu Batzordeko hauteskundeetarako deialdia egitea. Eskumen hori, gainera, ezin izango zaio beste ezein organori eman, ezta eskuordetzan ere.
2.– 44.1 artikuluan aipatzen den lau urteko agintaldia amaitu baino 3 hilabete lehenago goizen jota eta 2 hilabete lehenago beranduen jota, Gobernu Batzordeak organo horretan berritu behar diren postuetarako hauteskundeak deituko ditu. Deialdia hauteskundeak egin baino sei astebete lehenago egingo da, gutxienez, eta hauteskundeak lau urteko agintaldia amaitu baino hamabost egun lehenago egingo dira beranduen jota.
3.– Deialdia egin ondorengo bost egun balioduneko epean, horren jakinarazpena bideratuko da, elkargokideek jakitun egon daitezen.
61. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.
1.– Hauek osatuko dute Hauteskunde Batzordea: Gobernu Batzordeko kideen erdiek, kargua uzten ez dutenek hain zuzen, edo horiek Gobernu Batzordeko kide ez diren elkargokideen artean aukeratutako bost pertsona. Gobernu Batzordeko kide guztiak aukeratu behar badira, organo horrek izendatuko ditu Hauteskunde Batzordea osatuko duten bost pertsonak, elkargokide guztien artean zozketa eginez.
2.– Hauteskunde Batzordeko kideak ezin izango dira, aldi berean, hautagai, kontu-hartzaile edo kandidatura bateko ordezkari izan.
3.– Hauteskunde Batzordeko bokalen izendapena hauteskundeak deitzeko erabakia hartu ondorengo hiru egun baliodunetan egingo da.
4.– Bokalen izendapena egin ondorengo bi egun balioduneko epean, Hauteskunde Batzordeko kide guztien bilkura egingo da, organo hori eratzeko.
5.– Hauteskunde Batzordeak eskumen guztiak izango ditu hauteskundeei dagokienez, atal honetan berariaz beste organo batzuei esleitzen zaizkienak izan ezik.
62. artikulua.– Hauteskunde-errolda.
1.– Botoa emateko eskubidea duten elkargokideen errolda Elkargoko egoitzan jarriko da ikusgai, deialdia egin eta zazpi egun naturaleko epean, eta bertan egongo da hauteskunde egunera arte.
2.– Egun horren ondorengo astean, erreklamazioak aurkeztu ahal izango zaizkio Hauteskunde Batzordeari. Horrek hiru egun balioduneko epea izango du ebazteko, aurkezten direnetik kontatuta. Ebazpenek hasieran jarritako errolda aldatzen dutenean, horrekin batera jarriko dira jendaurrean.
63. artikulua.– Kandidaturak.
1.– Kandidatura bakoitzak baldintza hauek guztiak beteko ditu:
a) Hauteskundeetara ateratzen diren Gobernu Batzordeko postuetatik zehazki zeini dagokion adierazi beharko da (lehendakaria edo dekanoa, lehendakariordea edo dekanordea, idazkaria, diruzaina edo bokalak).
b) Bertan jarduneko elkargokideak baino ez dira egongo.
c) Hautagai bakoitzaren curriculum vitae-a jasoko da.
2.– Hauteskundeetara ateratzen diren postu guztietarako edo horietako batzuetarako kandidatura bateratuak ere aurkeztu ahal izango dira, baina postu bakoitzerako nortzuk aurkezten diren zehaztuta, hauteskundeak postu bakoitzerako egiten baitira, besteetatik bereiz. Curriculum vitae-ei dagokienez, hautagai bakoitzak berea aurkeztu beharko du.
3.– 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako baldintza guztiak betez gero, Hauteskunde Batzordeak kandidatuen aldarrikapena egingo du, proposamena egiteko epea amaitu eta ondorengo bi egun baliodunetan. Baldintzetakoren bat bete ezik, kandidatura baztertu egingo da, eta ez da egongo zuzenketak egiteko aukerarik.
4.– Aldarrikapena egin ondorengo astean, Hauteskunde Batzordeak aldarrikatutako kandidaturen zerrendak eta botoa postaz emateko agiriak igorriko dizkie elkargokideei.
5.– Botazio eguna baino hiru egun baliodun lehenagora arte (egun hori kanpo), hautagaiek uko egin ahal izango diote hauteskunde prozesuan parte hartzeari.
6.– Karguren baterako inolako kandidaturik aurkezten ez bada, hauteskundeetarako deialdia egingo da, berriro ere, postu hori edo horiek betetzeko.
64. artikulua.– Kandidatura bakarra.
1.– Kandidatura bakarra aldarrikatzen bada, hautagai hori aukeratuko da, inolako bozketarik egin gabe.
2.– Gorabehera hori 63.4 artikuluan aipatzen den jakinarazpenean jasoko da eta, ondoren, hautatua karguaz jabetuko da eta jardunean hasiko da, 69. artikuluan zehazten den bezala.
3.– Bestelako kasuetan, hurrengo artikuluetan hauteskunde kanpainaz, bozketaz, botoen kontaketaz eta emaitzez eta hauteskundeetako gorabeherez eta errekurtsoez ezarritakoa beteko da.
65. artikulua.– Hauteskunde kanpaina.
Aldarrikatutako kandidaturek beren hauteskunde programa inprimatu eta igorri ahal izango dute Elkargoaren kargura, denek aukera berberak izango dituztelarik, beti ere Elkargoaren baliabideen arabera eta Hauteskunde Batzordeak ezarritako mugekin.
66. artikulua.– Bozketa.
1.– Bozketa egunean, Hauteskunde Batzordea hauteskunde mahaiaren zereginak hartuko ditu bere gain, deialdian aipatutako lekuan egingo den bozketa-prozesua zuzentzeko. Hauteskunde mahaiko kideek bozketa-lekutik alde egin ahal izango dute aldi baterako, baina bik, gutxienez, bertan egon behar dute beti.
2.– Botoa bi modu hauetan eman ahal izango da:
a) Elkargokideek zuzenean eman ahal izango dute botoa bozketarako ordutegiaren barruan. Ordutegi hori zortzi ordukoa izango da gutxienez, artikulu honetako gainontzeko lerrokada aplikagarrien arabera.
b) Botoa postaz ere igorri ahal izango da. Horretarako, hauteskunde-txartela gutunazal batean sartuko da. Gutunazal hori itxi eta beste baten barruan sartuko da. Ondoren, gutunazalean igorlearen sinadura, izena eta elkargokide-zenbakia jarrita, Elkargora bidaliko da. Botoa postaz emateko gutunazalak eta txartelak Elkargoak eskainitako ereduaren araberakoak izango dira formatuari eta koloreari dagokienez, eta hautagaien aldarrikapena egiten denetik bozketa amaitu arte jaso behar dira Elkargoan. Hortaz, Elkargoko idazkari nagusiak edo horren zereginetan diharduenak liburu batean erregistratuko ditu jasotako gutunazalak, sinadurak erkatu ondoren. Liburu horretan, gerta daitezen gorabeherak ere jasoko dira, bozketa egunean hautagaiek edo kontu-hartzaileek egin beharreko egiaztapenak egin ahal izan ditzaten.
3.– Behin hauteskunde-mahaia eratuta, ezarritako orduan bozketari ekingo zaio. Mahaikide batek botoemaileek bozketan parte hartzeko eskubidea duten egiaztatuko du eta, ondoren, hauteskunde-txartelak, berariaz emandako gutunazalaren barruan, hautestontzian sartuko dira. Hautestontzi bat baino gehiago ere jar daiteke, eta hautesleak horietan banatuko dira alfabetoaren arabera. Dena dela, mahai bakoitzean mahaikide bat egongo da beti, gutxienez. Hautesleek momentu oro izango dituzte eskura kandidatura bakoitza osatzen dutenen izenak inprimatuta dituzten txartelak eta horiek sartzeko gutunazalak.
4.– Kandidatura bakoitzak hiru kontu-hartzaile izendatu ahalko ditu. Hala ere, hautagaiek eta kandidaturaren arduradunak ere parte hartu ahal izango dute bozketa-prozesuan. Kandidatura bakoitzeko hautagai, kontu-hartzaile edo arduradun bat hauteskunde-mahaiaren bilkura guztietara joan ahal izango da. Hitza izango du baina botorik ez, eta mahaiari bere eskariak eta erreklamazioak egin ahal izango dizkio. Nahi izanez gero, bere aipamenak aktan jasotzeko ere eskatu ahal izango du, baina, beti ere, bozketa-prozesua eten gabe.
5.– Hautesle bakoitzak pertsona bakar bati eman diezaioke botoa hautatu beharreko Gobernu Batzordeko postu bakoitzerako. Hala ere, txartel bakarrean, postu guztietarako, batzuetarako edo bakar baterako botoa eman dezake, postuak zeintzuk diren eta postu bakoitzerako hautagaia zein den zehaztuta.
6.– Zuzenean emandako botoak baliogabetu egingo du aldez aurretik postaz emandakoa. Hautesle batek postaz boto bat baino gehiago ematen badu, bakarrik hartuko da kontuan lehenengo jasotakoa.
7.– Bozketa amaituta, postaz bidalitako boto baliodunak sartuko dira. Horretarako, kanpoko gutunazala ireki eta barrukoa, bozketa-txartela barnean duela, hautestontzian sartuko da.
8.– Boto hauek baliogabeak izango dira: eredu ofizialaz bestelakoak; hautesleak egindako aukera argi ikustea eragozten duten emendakinak, zuzenketak edo aldaketak dituztenak eta gutunazalean kandidatura anitzeko papeletak dituztenak.
9.– Gutunazal batean kandidatura bereko txartel bat baino gehiago dagoenean, botoa baliozkoa izango da, baina kandidatura hori emandako boto bakartzat joko da.
10.– Bozketa-txartelean uko egin duten edo aldarrikatu ez diren hautagaiak agertzen direnean ere, botoa baliozkoa izango da, baina bakarrik hartuko dira kontuan prozesuan dirauten hautagaiak.
67. artikulua.– Zenbaketa eta emaitzak.
1.– Bozketa amaitu eta berehala, zenbaketari ekingo zaio. Horretarako, gutunazal bakoitza ireki eta txartelaren edukia ozenki irakurriko da.
2.– Zenbaketa amaituta, Gobernu Batzordean aukeratu beharreko postu bakoitzerako, aurkeztutako kandidaturetan boto gehien lortu duena joko da hautatutako kandidaturatzat.
3.– Kandidatura irabazlearen aldarrikapena egiteko, akta bat egingo da eta, bertan, hauek ere jasoko dira: bozketaren bilakaera; hautesleen, hautagaien, mahaikideen eta kandidaturetako kontu-hartzaileen erreklamazioak eta gorabeherak eta mahaiak horien inguruan hartutako ebazpena; hautesleen, emandako botoen eta boto baliozko, baliogabe eta zurien kopurua eta, azkenik, zerrenda bakoitzak hauteskundeetan izan dituen emaitzak. Akta kandidatura bakoitzeko kide batek, arduradunak edo kontu-hartzaileak eta mahaikideek sinatuko dute. Bozketa-txartel edo -gutunazalen bati buruzko erreklamaziorik aurkeztu bada eta aktan jasotzeko eskatu bada, txartel edo gutunazal hori ere aktari erantsiko zaio. Zenbaketa egin ondoren, Elkargoko administrazio zerbitzuek arazorik sortu ez duten botoak suntsitu egingo ditu.
68. artikulua.– gorabeherak eta hauteskunde-errekurtsoak.
1.– Hauteskunde Batzordeari dagokio, hasiera batean, hauteskunde prozesuan sortutako gorabehera eta arazoak konpontzea.
2.– Hauteskunde Batzordearen erabakien aurka, errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Lanbideko Kontseiluari, jakinarazpena jaso eta hurrengo hiru egun baliodunetan. Errekurtsoa jarri eta bost egun balioduneko epean ez bada ebazpen adierazirik jakinarazi, ezetsitzat joko da, administrazioaren isiltasunagatik, eta korporazio-bidea amaituko da. Presuntziozko egintza hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera eraenduko da.
3.– Errekurtsoak Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio eta horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Lanbideko Kontseiluari igorriko dizkio hurrengo egun baliodunean.
69. artikulua.– Karguaz jabetzea eta jardunean hastea.
1.– Aurreko artikuluan hautatuak zeintzuk izan diren jakinarazi ondoren errekurtsoak aurkezteko ezarritako epea amaituta, errekurtsorik aurkeztu ez bada hautatutakoak beren karguaz jabetu ahal izango dira. Errekurtsorik aurkeztu bada, berriz, berariaz edo tazituki elkargo-bidean ebazpena eman ondoren egingo dute hori.
2.– 64. artikuluko kasuan, aurreko artikuluan hautatuak zeintzuk izan diren jakinarazi ondoren errekurtsoak aurkezteko ezarritako epea amaituta, errekurtsorik aurkeztu ez bada aldarrikatutako kandidatura bakarreko hautagaiak beren karguez jabetu ahal izango dira. Errekurtsorik aurkeztu bada, berriz, berariaz edo tazituki elkargo-bidean ebazpena eman ondoren egingo dute hori.
3.– 44.1 artikuluan aipatzen den lau urteko epea amaitzen den egunean edo hurrengo egun naturalean jabetuko dira beren karguez hautatuak. Jardunean, berriz, lau urteko epea amaitu ondorengo lehenengo egun naturalean hasiko dira.
4.– Aurreko faseetako epeen erritmoa dela-eta 3. paragrafoan zehaztutakoa betetzea ezinezkoa bada, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako daten ondorengo astean jabetuko dira karguez, eta une horretan hasiko dira jardunean.
70. artikulua.– Geroago karguak hutsik gelditzea.
44.1 artikuluan aipatzen den 4 urteko epea amaitu aurretik hutsik gelditzen diren Gobernu Batzordeko karguak, 72. artikuluko bestelako arrazoien ondorioz hustu badira, berariaz kargu horietarako egindako hauteskundeen bitartez beteko dira, beti ere, 44.2 artikuluan aipatzen den epearen muga gordeta.
71. artikulua.– Aurreratutako hauteskundeak.
70. artikuluan aipatutako kargu hutsak betetzeko, hauteskunde aurreratuak egingo dira. Horietan, 60. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da, salbu eta 60.2 artikuluan egiten den aipamena: "44.1 artikuluan aipatzen den lau urteko agintaldia amaitu baino 3 hilabete lehenago goizen jota eta 2 hilabete lehenago beranduen jota", horren ordez "kargu-uztea gertatu ondorengo hiru hilabeteetan" aipamena jarriko baita.
5. atala.– Kargu-uzteak.
72. artikulua.– Kasuak.
Gobernu Batzordeko kideek kasu hauetan utziko dute kargua:
a) Agintaldia amaitzen zaienean, 44. artikuluan adierazitakoaren arabera.
b) Bestelako arrazoiak tartean direnean: dimisioa, heriotza, zentsura eta estatutu hauetako 59.4 artikuluan zehaztutakoa.
73. artikulua.– Dimisioa.
1.– Dimisioak ez du Elkargoko organoen inolako onespenik beharko eta Elkargoko lehendakariari jakinarazten zaion momentutik izango du eragina. Dena den, une horretatik estatutu hauetako 44.3 artikuluko araua aplikatuko da.
2.– Gobernu Batzordeko kideren batek osoko bilkurara hiru aldiz jarraian huts egiten badu eta ez badu inolako arrazoirik edo justifikaziorik aurkezten, dimititu duela joko da. Hala ere, Elkargoko lehendakariak ez agertzearen arrazoia edo justifikazioa eskatuko dio eta jakinarazpena egin ondorengo hamar egunetan erantzunik ematen ez badu, dimisioa egikaritu egingo da. Justifikatuz gero, ordea, ez da dimisiotzat joko.
3.– Gobernu Batzordeko Batzorde Iraunkorreko bilkuretara hiru aldiz huts egitea ere dimisiotzat joko da. Kasu horretan ere, aurreko paragrafoan zehaztutako arau guztiak beteko dira, salbuespenik gabe.
74. artikulua.– Zentsura.
1.– Batzar Orokorrak Gobernu Batzordeko kide guztiak, batzuk edo bat zentsuratu ahal izango ditu, artikulu honetan zehazten den eran eta aipatzen diren ondorioekin.
2.– Horretarako, elkargokideen laurden batek gutxienez (jardunekoak eta ez-jardunekoak batuta), Gobernu Batzordeko kide guztien, batzuen edo baten aurkako zentsura-mozioa aukez dezakete. Mozioa idatziz aurkeztuko da eta proposamena egiten duten guztiek sinatuko dute, izena, helbidea eta NAN zenbakia jarrita. Gainera, mozioaren arrazoiak ere adieraziko dira, labur, baina ez da inolako izenik proposatuko zentsuratutakoak ordezkatzeko.
3.– Behin zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskakizun guztiak betetzen dituela egiaztatuta, hilabeteko epea egongo da gaiaz arituko den Batzar Orokorraren deialdia egiteko. Batzar Orokorrak ezin izango du inolako zentsura-moziorik aztertu gai-zerrendan sartuta ez badago. Gai-zerrendari, hortaz, zentsura-mozioaren kopia gaineratuko zaio.
4.– Batzar Orokorraren bilkura hasi ondoren, zentsura-mozioaren puntura iritsita, eztabaida hasiko da. Lehenengo, proposamena egin dutenen ordezkari batek (edo sinatzaileetako lehenengoak) mozioaren edukia azalduko du; ondoren, mozioa jaso duten Gobernu Batzordeko kideek hitz egiteko aukera izango dute; gero, Batzar Orokorrean parte hartzen dutenek, funtzionamendu arauen arabera, eta, azkenik, berriz hartuko du parte proposamena egin dutenen ordezkariak (edo sinatzaileetako lehenengoak) eta mozioa jaso duten Gobernu Batzordeko kideek, hurrenkera horretan.
5.– Horren ostean, bozketa egingo da. Zentsura-mozioa jaso duen Gobernu Batzordeko kide bakoitzari bozketa bana egingo zaio, eta onartutzat joko da baldin eta Batzar Orokorrean daudenen ehuneko hirurogeita hamabostak baiezko botoa ematen badu.
6.– Gobernu Batzordeko kideetako bat zentsuratutzat jotzeko, berari egindako bozketa bakarrik hartuko da kontuan.
7.– Bozketa egiteaz bat eta nahikoa boto jasoz gero, zentsura gauzatu dela joko da, eta zentsuratutako kideak kargua utziko du besterik gabe. Zentsurak eta kargu-uzteak bozketa egiten den unetik izango dute eragina. Dena dela, momentu horretatik, estatutu hauetako 44.3 artikuluko araua aplikatuko da.
8.– Gobernu Batzordeko kideren baten aurkako mozioak aurrera egiten ez badu, proposamena egin dutenek urtebetean ezin izango dute beste bat aurkeztu kide berberaren aurka, Batzar Orokorrak gaia aztertu zuen bilkuraren egunetik kontatzen hasita.
4. KAPITULUA
LEHENDAKARIA EDO DEKANOA ETA
ELKARGOKO BESTE ORGANO BATZUK.
75. artikulua.– Lehendakaria edo dekanoa.
1.– Elkargoko lehendakariak edo dekanoak, Gobernu Batzordeko kide den aldetik dagozkion eskumenez gain, hauek ere izango ditu:
a) Gobernu Batzordearen eta Elkargoko beste organoen erabakiak betetzea eta betearaztea.
b) Kontseilu Orokorraren batzarretan Elkargoa ordezkatzea.
c) Lankidetza hitzarmen eta akordioei buruz, estatutu hauetako 45.3.o) artikuluan aipatutakoak, Gobernu Batzordearen eskumen ere badiren arren. Eskumen horiek gauzatzen dituenean, lehendakariak edo dekanoak Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio, dena delako erabakiak balio eta eragin osoa badu ere.
d) Estatutu hauetan xedatutakoaren ondorioz dagozkionak.
2.– Lehendakaria edo dekanoa Elkargoaren eta Gobernu Batzordearen ordezkari izango da era guztietako pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatuen aurrean eta berak gauzatuko ditu, horien izenean, dagozkien egintzak. Dena dela, arau hauek haurtuko dira kontuan:
a) Lehendakaria edo dekanoa Elkargoaren edo Gobernu Batzordearen ordez, egintza edo kontratu batera joaten bada eta horri buruzko erabakia hartzea Elkargoko beste organo batzuei badagokie, ordezkari izateko eskumena bere horretan gordeko da, baina eskumena duen organoak erabaki hori hartu duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du. Zehazki, lehendakariak edo dekanoak kontratuak eta hitzarmenak sinatu ahal izango ditu Elkargoaren izenean, baina, beti ere, estatutu hauen arabera eskumena duen Elkargoko organoak horretarako baimena eman badio.
b) Elkargoak liskarretan, espedienteetan edo administrazio-, gobernu- edo epai-arazoetan edo izaera publikoko bestelakoetan demandatzaile edo demandatu gisa edo beste edozein eratan esku hartzen badu, Elkargoaren eta Gobernu Batzordearen ordezkari izateko eskumenaz gain, lehendakariak edo dekanoak egintzak gauzatzeko edo auzitan agertzeko eskumena ere izango du, eragin osoarekin, ondoren Gobernu Batzordeari horren berri eman behar badio ere.
3.– Lehendakari edo dekanoaren postua hutsik badago edo titularra gaixorik, kanpoan edo legez ezindurik badago, horren ordez Elkargoko lehendakariordea edo dekanordea arituko da, edo horren ordez diharduena, lehendakariaren eskumen berberekin.
76. artikulua.– Lehendakariordea edo dekanordea.
1.– Gobernu Batzordeko kide den aldetik dagozkion eskumenez gain, lehendakariordeak edo dekanordeak honako hauek izango ditu:
a) Lehendakari edo dekanoaren ordez aritzea, 75.3 artikuluaren arabera.
b) Eskatzen zaionean, lehendakari edo dekanoarekin lankidetzan aritzea, horri dagozkion eskumenen alorrean.
c) Estatutu hauen ondorioz dagozkion gainerakoak.
2.– Lehendakariorde edo dekanordearen postua hutsik badago edo titularra gaixorik, kanpoan edo legez ezindurik badago, horren ordez Gobernu Batzordeko kide bat arituko da, Batzordeak berak izendatua, eta lehendakariordearen eskumen berberak izango ditu.
77. artikulua.– Idazkaria.
1.– Gobernu Batzordeko kide den aldetik dagozkion eskumenez gain, idazkariak hauek ere izango ditu:
a) Akta liburuez arduratzea, Elkargoaren zigilu eta agiri ofizialak zaintzea eta Gobernu Batzordearen erabakiak betetzearren egin behar diren egiaztagiriak eta komunikazioak egitea, bere kabuz edo horretarako norbait gaituz.
b) Elkargoari zuzendutako eskabide eta komunikazio guztiak jasotzea eta lehendakariari jakinaraztea.
c) Urteko memoria egitea.
d) Administrazio-zerbitzuak zuzentzea eta Elkargoko langileen buru izatea, estatutu hauen arabera.
e) Estatutu hauen ondorioz dagozkion gainerakoak.
2.– Idazkariaren postua hutsik badago edo titularra gaixorik, kanpoan edo legez ezindurik badago, horren ordez Gobernu Batzordeko kide bat arituko da, Batzordeak berak izendatua, eta idazkariaren eskumen berberak izango ditu.
78. artikulua.– Diruzaina.
1.– Gobernu Batzordeko kide den aldetik dagozkion eskumenez gain, diruzainak hauek ere izango ditu:
a) Gobernu Batzordeari eta, ondoren, Batzar Orokorrari aurkeztu behar zaizkion urteko kontuen eta kontabilitate liburuen zuzendaritzaz eta gainbegiraketaz arduratzea.
b) Elkargoaren ekonomia-aurrekontua egitea eta horren ekonomia-kontrolaz arduratzea.
c) Elkargoko fondoak biltzea eta zaintzea eta dirusarrerez eta ordainketez arduratzea.
d) Kontabilitate eta ekonomia alorretan, Elkargoaren fiskalizazioa egitea; zehazki, sarrera eta gastu operazioetan kontu hartzea.
e) Estatutu hauen ondorioz dagozkion gainerakoak.
2.– Diruzainaren postua hutsik badago edo titularra gaixorik, kanpoan edo legez ezindurik badago, horren ordez Gobernu Batzordeko kide bat arituko da, Batzordeak berak izendatua, eta diruzainaren eskumen berberak izango ditu.
79. artikulua.– Bokalak.
1.– Gobernu Batzordeko barne antolaketan inolako kargurik ez duten batzordekideak izango dira bokal.
2.– Gobernu Batzordeko kide diren aldetik dagozkien eskumenez gain, bokalek estatutu hauen ondorioz dagozkien gainerakoak ere izango dituzte.
5. KAPITULUA
BATZORDEAK ETA LANTALDEAK
80. artikulua.– Izaera.
Elkartearen barruan helburu zehatzak lortzeko sortutako organoak dira batzordeak eta lantaldeak. Ez dute erabakitzeko ahalmenik izango, salbu eta horiek erregulatzen dituzten arauek besterik esaten badute.
81. artikulua.– Sorrera.
Gobernu Batzordeari dagokio batzordeak eta lantaldeak sortzea, jardungo duten lurraldea dena dela.
82. artikulua.– Araudiak.
Estatutu hauetako 8. artikuluaren arabera egin daitezen araudiek eraenduko dituzte batzordeak eta lantaldeak.
6. Kapitulua.
Eskumenak esleitzea eta eskuordetzan ematea.
83. artikulua.– Eskumenak esleitzea.
1.– Gobernu Batzordeak Elkargoko organoei esleitu ahal izango dizkie Elkargoko eskumenak. Gainera, lehenagotik esleitutakoak ere aldatu ahal izango ditu. Hori guztia, berak askatasunez erabakitako eran egingo du.
2.– Estatutu hauen ondorioz zenbait organori esleitutako eskumenei dagokienez ere, Gobernu Batzordeak ahalmen berbera edukiko du; hau da, beste organo batzuei esleitu ahal izango dizkie. Eskumen hauek, ordea, ezingo dira eskuz aldatu:
a) Estatutu hauetan berariaz horrela ezartzen delako, beste inori esleitu ezin zaizkionak.
b) Hauteskunde Batzordearenak.
c) Gobernu Batzordeko lehendakari edo dekanoarenak, lehendakariorde edo dekanordearenak, idazkariarenak eta diruzainarenak.
3.– Esleitutako eskumenak, jaso dituen organoaren berezko eskumen izango dira, gero beste bati eman bazaizkio ere.
84. artikulua.– Eskumenak eskuordetzan ematea.
1.– Gobernu Batzordeak Elkargoko beste edozein organori eman ahal dizkio bere eskumenak eskuordetzan. Gainontzeko organoek ere, beste organo batzuei eman diezazkiekete beren eskumenak eskuordetzan, Gobernu Batzordearen baimenarekin.
2.– Estatutu hauen bitartez organo jakin batzuei esleitutako eskumenekin ere erabil daiteke ahalmen hori, beste organo batzuei emateko. Salbuespen izango dira honako eskumen hauek:
a) Estatutu hauetan, berariaz, beste organo bati esleitzea debekatzen direnak.
b) Hauteskunde Batzordearenak.
c) Gobernu Batzordeko lehendakari edo dekanoarenak, lehendakariorde edo dekanordearenak, idazkariarenak eta diruzainarenak.
|