[Logotipoa]Gizarte Laneko Elkargo Ofiziala
ELKARGOKIDEENTZAKO
MUGATUTAKO SARRERA
 
Cambiar a Castellano
Helbidea: Javier Barkaiztegi, 21 entslo. C 20010 Donostia Tel. 943 47 32 87 Fax. 943 47 30 70 E-mail: colegio@trabajosocialgipuzkoa.org
LanbideaElkargoaArgitalpenakLanaPrestakuntzaLoturakAzken Berriak
 
Aurkezpena
Zerbitzuak
Estatuak
Elkargoan Sartzeko Baldintzak
Gobernu Batzordea
Batzordeak
Erlazio Instituzionalak
 

IV. TITULUA
DIZIPLINA ARAUBIDEA

85. artikulua.– Diziplina ahalmena.
1.– Elkargokide diren aldetik edo lanbideko jarduera dela eta, elkargokideek 7. artikuluko arauen kontra jotzen badute, egitez edo ez-egitez, Elkargoak zehatu egin ahal izango ditu.

2.– Kapitulu honetako diziplina araubideak ez du salbuetsiko erantzukizun zibil edo penaletik, eta ez du eragotziko administrazioak funtzionarioak edo bestelako langile publikoak zehatzeko duen ahalmena.

86. artikulua.– Hutsegite arinak.
Hauek dira hutsegite arinak:

a) Elkargoarekiko eta lanbidearekiko obligazioak, arauetan eta estatutuetan jasoak edo Gobernu Batzordeak bere eskumenen barruan ezarritakoak ez betetzea, baldin eta Elkargoari, beste Gizarte Lanetan Diplomadunei edo gizarte laguntzaileei, bezeroei edo hirugarrenei kalterik egiten ez bazaie.

b) Bezeroari edo beste Gizarte Lanetan Diplomadunei edo gizarte laguntzaileei errespeturik ez erakustea, baldin eta publizitaterik ez badago eta errespetu-falta larria ez bada.

c) Lanbideko jardueraren ondorioz ezagututako datuak hirugarrenei jakinaraztea justifikatutako arrazoirik gabe, baldin eta bezeroari edo beste batzuei kalterik egiten ez bazaie.

d) Neurriz kanpoko fakturak edo kontuak egitea.

e) Gizarte Lanetan Diplomadunen edo gizarte laguntzaileen izen onaren aurkakoak direlako, Elkargoko organoek berariaz debekatu dituzten publizitate jarduerak egitea.

f) Lanbideko jarduera edo Elkargoarekiko eta Elkargoko gainontzeko erakundeekiko harremanak arautzen dituen edozein manu urratzea, baldin eta hutsegite larrien edo oso larrien artean sartzen ez bada.

87. artikulua.– Hutsegite larriak.
Hauek dira hutsegite larriak:

a) 18/1997 Legearen 3.1.d) artikulua (Elkargoan sartzeko arauak) urratzea.

b) Lanbideko betebeharrak ez betetzea, baldin eta lanbideko jarduera eskatu edo hitzartu dutenei kalte egiten bazaie.

c) 18/1997 Legearen 11. artikuluan ezarritako komunikatzeko beharra ez betetzea (lege hori intrusismoari eta bestelako lanbide-jarduera bidegabeei buruzkoa da).

d) Asegurua egiteko beharra ez betetzea.

e) Lanbideko jarduera burutzeko beharra, lanbidean nahitaez jardun beharrari buruzko 18/1997 Legearen 13. artikuluan zehaztua, ez betetzea, salbu eta zerbitzuren bat betetzeko eskatuz gero, hori burutzea ezinezko egiten duten arrazoi justifikatuak badaude.

f) Lanbideko profesionalen duintasuna, lanbidea eraentzen duten organoetako kideena edo lanbideko jarduera dela-eta profesionalarekin harremanetan duden pertsonena edo instituzioena larriki laidotzea, baita horiei fisikoki erasotzea ere.

g) Bidegabeko lehia.

h) Lanbideko elkargoen, kontseiluen edo horien organoen ohiko jarduera eragozten edo aldatzen duten egintzak.

i) Bi urteko epean bost hutsegite arin edo gehiago egitea.

j) Existitzen ez diren kontzeptuengatik edo egin ez diren jarduerengatik fakturak edo kontuak pasatzea eta Gizarte Lanetan Diplomadunak edo gizarte laguntzaileak egin ez dituen txostenak edo lanak sinatzea, bezeroari kalte egiten bazaio.

k) Norbere kasa edo besteren kontura jarduteko kasuan kasu jarritako eskakizunak bete gabe, lanbidean jardutea, bezeroari kalte egiten bazaio.

l) Lanbideko jarduera bidegabeak edo lege penalen arabera hutsegite direnak gauzatzea, lege zibilen arabera bezeroari kalte egiten bazaio.

m) Estatutuetan edo arauetan Elkargoarekiko ezarritako betebeharrak edo Gobernu Batzordeak bere eskumenen barruan hartutako erabakiak ez betetzea, baldin eta, ondorioz, Elkargoari, gizarte lanetako beste diplomadun edo gizarte laguntzaileei, bezeroari edo hirugarrenei kalte egiten bazaie.

88. artikulua.– Hutsegite oso larriak.
Hauek dira hutsegite oso larriak:

a) 18/1997 Legearen 5.1.a) artikuluan aipatzen den titulua izan gabe, lanbidean jardutea.

b) Lanbideko betebeharrak ez konplitzea, lanbideko jarduera eskatu edo hitzartu dutenei kalte larria egiten bazaie.

c) Lanbideko sekretua urratzea.

d) Lanbiderako desgaituta edo bateraezintasun edo debeku auzi batean sartuta egonda, lanidean jardutea.

e) Lanbideko jardueraren ondorioz, doluzko delitua egitea, parte-hartzea dena dela.

f) Bi urtetan, bi hutsegite larri edo gehiago egitea. Idatz-zati honetan xedatutakoaren salbuespen izango da 18/1997 Legearen 15.2.j) artikuluan aipatzen den hutsegitea, estatutu hauetako 87.i) artikuluan ere jasoa.

g) Elkargokide izan gabe, lanbidean jardutea.

h) Estatutuetan edo arauetan Elkargoarekiko ezarritako betebeharrak edo Gobernu Batzordeak bere eskumenen barruan hartutako erabakiak ez betetzea, baldin eta, ondorioz, Elkargoari, gizarte lanetako beste diplomadun edo gizarte laguntzaileei, bezeroari edo hirugarrenei kalte larria egiten bazaie. Baita Elkargoko edozein organo edo zerbitzuri komunikazio edo informazio faltsuak, ez zuzenak edo gezurrezkoak ematea.

89. artikulua.– Zehapenak.
1.– 18/1997 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren zehapenak jarriko dira. Jarraian aipatzen da zeintzuk diren.

2.– Hutsegite oso larriengatik zehapen hauetako bat ezar daiteke:

a) Urtebete eta egun bat eta hogei urte bitarteko gaitasungabetzea, 18/1997 Legearen 17. artikuluan zehaztutako eran.

b) 500.001 eta 5.000.000 PTA bitarteko isuna.

3.– Hutsegite larriengatik zehapen hauetako bat ezar daiteke:

a) Urtebeteko gaitasungabetzea gehienez, 18/1997 Legearen 17. artikuluan zehaztutako eran.

b) 50.001 eta 500.000 PTA bitarteko isuna.

4.– Hutsegite arinengatik zehapen hauetako bat ezar daiteke:

a) Ohartarazpena.

b) 50.000 pezetako isuna gehienez.

5.– Hutsegitearen ondorioz, arau-hausleak mozkin ekonomikoak lortu baditu, mozkin horien balioespena egingo da, eta isunari, aurreko idatz-zatietan ezarritako gehienezko kopurutik balioespen horretara iristeko falta den zenbatekoa gehituko zaio gutxienez, eta zenbateko hori halako bi gehienez.

6.– Zehapenak mailakatu egingo dira, kasu bakoitzean biltzen diren gorabeheren arabera.

7.– Aipatutako zehapenak gorabehera, zehatuek, hala badagokie, beste edozein eratako erantzukizunei ere erantzun beharko diete.

8.– Diziplina-ahalmena gauzatzearen ondorioz Elkargoak kobratzen dituen isun guztien dirua lanbideko etengabeko prestakuntza-jarduerak burutzeko erabiliko dira. Horretarako, beharrezko neurriak hartu eta gauzatuko dira, kasuan kasuko prozedurari eta arauei jarraituz.

90. artikulua.– Hutsegiteen eta zehapenen preskripzioa.

1.– Hutsegiteek eta zehapenek 18/1997 Legearen 18. artikuluan aipatutako epeetan preskribituko dute, hau da:

2.– Hutsegite oso larriek hiru urtetan preskribituko dute, larriek bitan eta arinek batean.

3.– Preskripzio-epea hutsegitea gauzatu den egunetik kontatuko da.

4.– Zehapen prozedura, interesatua jakitun dela, hasten denean, preskripzio epea eten egingo da. Dena dela, sei hilabetetan espedientea geldirik badago eta horren errua ustezko arau-hausleak ez badu, epe hori berriz hasiko da kontatzen.

5.– Hutsegite oso larriengatiko zehapenek hiru urtetan preskribituko dute, larriengatikoek bitan eta arinengatikoek batean. Dena dela, zehapena hiru urteko edo hortik gorako gaitasungabetzea bada, preskripzio epea zehapenak dirauen artekoa izango da.

6.– Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo egiten den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen preskripzio epea.

7.– Egikaritze prozedura, interesatua jakitun dela, hasten denean, preskripzio epea eten egingo da. Dena dela, sei hilabetetan espedientea geldirik badago eta horren errua ustezko arau-hausleak ez badu, epe hori berriz hasiko da kontatzen.

91. artikulua.– Publizitatea.
Zehapenak jartzeko erabakiak iragarki-taula, aldizkari, zirkular edo Elkargoko bestelako argitalpen edo jakinarazpen eren bitartez jakinaraziko dira. Hutsegite oso larrien kasuan, zehapena jartzeko erabakia korporazioaren aldizkarian ere argitaratuko da.

92. artikulua.– Organo zehatzaileak eta Deontologia Batzordea.
1.– Artikulu honetan aipatzen den Deontologia Batzordeak parte hartuko du Elkargoko jarduera zehatzailean, ezar daitezen bestelako organoekin batera eta xeda dadin moduan.

2.– Gobernu Batzordeari dagokio Deontologia Batzordea sortzea. Batzorde hori estatutu hauetako 80., 81. eta 82. artikuluetan xedatutakoaren arabera eraenduko da, artikulu honetan ezarritakoaren aurka ez doazen gaietan.

3.– Deontologia Batzordea jarduneko hiru elkargokidek osatuko dute gutxienez. Kide horiek hiru urteko antzinatasuna izan behar dute gutxienez, eta Gobernu Batzordeak aukeratuko ditu lau urterako.

4.– Deontologia Batzordea eratzeke badago, Gobernu Batzordeak beste organo bat izendatuko du kasu bakoitzean, eta horrek izango ditu estatutu hauetan Deontologia Batzordeari ematen zaizkion eskumenak, 18/1997 Legearen 19.2.d) artikuluan aipatzen den printzipioa, organo instrukzio-egilearen eta organo erabakitzailearen arteko bereizketarena, alegia, betetzeko.

93. artikulua.– Prozedura zehatzailea.
18/1997 Legearen 19. artikuluaren esparruaren barruan, prozedura zehatzailea estatutu hauetako testu artikulatuaren eranskinean jasotakoa izango da. Eranskinak, hortaz, estatutuen izaera berbera izango du.

94. artikulua.– Zehapenak gauzatzea eta horien ondorioak.
Zehapenak artikulu honen arabera gauzatuko dira eta horien ondorioak ere bertan jasotakoak izango dira, beti ere, 18/1997 Legearen 20. artikuluaren esparruaren barruan. Ondorioz:

a) Elkargoak, bere kabuz, berak hartutako zehapen-erabakien nahitaezko betearazpena egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan aplikagarri diren arauen arabera.

b) Zehapenak administrazio-bideari amaiera ematen dion egintza edo ebazpenaren egunetik aurrera izango dira betearaztekoak.

2.– Diziplinazko zehapenak Elkargoko Gobernu Batzordeak betearaziko ditu, administrazio-bidean irmo direnean, zehapena ezartzen duen ebazpenean adierazitako moduan. Deontologia Batzordeak zehapena behar bezala betearazten den begiratuko du.

3.– Dena den, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri dela egiaztatzen bada eta Deontologia Batzordeak nahitaezko irizpena eman ondoren, Elkargoko Gobernu Batzordeak betearazpena eten dezake errekurtsoak dirauen bitartean, bere kabuz edo interesatuak eskatuta. Hala ere, interesatuak eskubidea izango du etendura hori administrazioarekiko auziko prozeduran bertan eskatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera.

4.– Administrazio bidean irmo direnean, diziplina-zehapenak jendaurrean jarri ahal izango dira, Elkargoko estatutuen 91. artikuluan zehaztutako eran, hala betearazten badira nola ez badira. Dena den, epaileak zehapen-ebazpena deuseztatzen badu, deuseztatzeko erabakiari ere publizitate berbera emango zaio.

5.– Gaitasungabetzea dakarten zehapenak honako hauei jakinaraziko zaizkie: Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargoetako Espainiako Kontseilu Orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Lanbide Kontseiluari.

95. artikulua.– Diziplina-erantzukizunaren iraungitzea.– Bergaikuntza.
1.– Diziplina-erantzukizuna arau hauen arabera iraungiko da:

a) Hauek dira elkargokideen diziplina-erantzukizuna iraungitzeko arrazoiak: zehapena betetzea, elkargokidea hiltzea, hutsegitea preskribitzea eta zehapena preskribitzea.

b) Zehapen prozedurak dirauen bitartean erruztatua hiltzen bada, zehapen prozedura iraungitzat jotzen duen ebazpena emango da.

c) Elkargoan baja hartzeak ez du altan egondako aldian sortutako diziplina-erantzukizunetik salbuesten, nahiz eta ezin izango den zehapena betearazi. Horrelakoetan diziplina-prozedura amaituko da eta zehapena etenda geratuko da, elkargokidea Elkargora itzultzen bada bete dezan.

2.– Bergaikuntza arau hauen arabera egingo da:

a) Zehatuek bergaikuntza eskatu ahal izango dute eta horrelakoetan espediente pertsonaleko oharra kendu egingo da. Horretarako epeak hauek izango dira, zehapena betetzen denetik kontatuta:
– Hutsegitea arina bada, sei hilabete igaro ondoren.
– Hutsegitea larria bada, bi urte igaro ondoren.
– Hutsegitea oso larria bada, lau urte igaro ondoren.

b) Bergaikuntza kasu honetan onartuko da: zehapena jarri zen egunetik aurrera, zehatzeko arrazoi izan ziren egintzen antzekoak egin izana espedientean egiaztatzen ez denean. Horrelakoetan, elkargokidearen espedientetik kendu egingo da zehapenari buruzko oharra.

c) Oharra kentzeko eskumena Gobernu Batzordeak du, Deontologia Batzordearen nahitaezko irizpena ikusi ondoren. Deontologia Batzordeak Gobernu Batzordeak esleitzen dizkion instrukzio-zereginak ere burutuko ditu.

realizado por themovie 2004
Webgune honek Erabilerreztasun Arauak bere I. mailan betetzen ditu
Nivel A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0  Nivel A Aprobado por Bobby WorldWide  Testeado por Cynthia!

[Logotipoa]Gipuzkoako Gizarte Elkargo Ofiziala Kontaktua

Desarrollado por THEMOVIE