ERANSKINA
GIZARTE LANETAN DIPLOMADUNEN ETA
GIZARTE LAGUNTZAILEEN GIPUZKOAKO
ELKARGOKO ESTATUTUEN 93. ARTIKULUAN
AIPATZEN DEN ZEHAPEN PROZEDURA.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Eremua.
1.– Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Gipuzkoako Elkargoko estatutuetako 93. artikuluan aipatzen den Eranskinak, honako honek alegia, estatutuen izaera berbera izango du eta horien parte zatiezina izango da. Aplikazioari dagokionez, lanbideko edo elkargo barruko jardueretan elkargokideek egin ditzaten hutsegiteengatik diziplinazko erantzukizuna eskatzeko jardueretan erabiliko du Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Gipuzkoako Elkargoak eranskin hau, elkargokideek izan dezaketen erantzukizun zibil edo penala eragotzi gabe.
2.– Hutsegite larri edo oso larriengatiko zehapenak jartzeko, espediente bat izapidetu behar da, eranskin honetan adierazten den moduan. Hutsegite arinengatiko zehapenak jartzeko, nahitaezkoa izango da interesatuari zortzi eguneko epea ematea entzuna izan dadin; hala ere, eranskin honetan aipatzen diren izapideak ere egin ahal izango dira, horrela erabakiz gero, eta, edozein modutan, eranskin honetako 1. artikulutik 7.era eta 16.etik azkenera aplikatuko zaizkio interesatuari eta, aldez aurreko informaziorik egon ez bada, baita 8.a, 9.a, 13.a eta 15.a ere.
2. artikulua.– Erantzukizun penala eta diziplinazkoa.
Egintza berberengatik erantzukizun penal eta diziplinazkoa egon badaiteke eta ustez diziplinazko erantzukizuna eskatzen duten egintzen inguruan jarduera penalak ere badaudela jakiten bada, diziplinazko espedientearen izapideekin aurrera egingo da, baina ebazpena eten egingo da, epailearen ebazpen irmoaren berri izan arte. Bitartean, preskripzioa ere etenda egongo da.
3. artikulua.– Prozesatuta daudenen prebentziozko etendura.
Deontologia Batzordeak proposatuta, Gobernu Batzordeak prozesatuta dauden elkargokideei lanbidean jarduteko baimena eten diezaieke, behin-behinean, prebentziozko neurri gisa. Horretarako, ebazpen arrazoitua eman behar du. Etendura-ebazpena interesatuari jakinaraziko zaio eta horrek errekurritu egin ahal izango du eranskin honetako 17. artikuluan zehaztutako eran. Etendura prozesamenduak dirauen artean luzatu ahal izango da.
4. artikulua.– Izapideak, komunikazioak, jakinarazpenak eta epeen luzapenak.
1.– Diziplinazko prozedurako izapide guztiak Elkargoak berak bultzatuko ditu. Izapide horiek eranskin honen araberakoak izango dira, eta bertan jasota ez dauden gaietan, administrazio-prozedurari buruzko legeria aplikatuko da, ordeztailea baita oro har.
2.– Izapideak, komunikazioak eta jakinarazpenak ere, eranskin honen araberakoak izango dira, eta bertan jasota ez dauden gaietan, administrazio-prozedura aplikatuko da.
3.– Jakinarazpenak elkargokideak Elkargoan eman duen lanbideko helbidean egin ahal izango dira balio osoz, lekuz aldatu eta horren berri Elkargoari behar bezala eman ez izanak ekar diezaiokeen erantzukizunaren kalterik gabe. Jakinarazpena administrazio-prozedurako legerian ezarritako eran egin ezin bada, Elkargoko langile batek entregatuko du eta, hala ere, helbide horretan interesatuaren seniderik edo beste inor ez dagoelako jakinarazpena egin ezin bada, Elkargoko ediktu-taulan jarriko da, eta hamabost egun igarota, jakinarazpena egintzat joko da.
4.– Eranskin honetan ezartzen diren epeak luzatu egin ahal izango dira, berariaz kontrakorik xedatzen ez bada. Horretarako, epea amaitu aurretik, instrukzio-egileak edo txostengileak proposamen arrazoitua aurkeztu behar du, eta Deontologia Batzordeak onartu. Luzapenari buruzko ebazpena eragindako elkargokide edo errekurtso-egileari jakinaraziko zaio, eta ezin izango da errekurritu, gerora burutuko diren egintzetan edo errekurtsoetan horri buruz egin daitezkeen alegazioak eragotzi gabe.
5. artikulua.– Elkargokideek beren aurkako egintzetan aitorpenik edo alegaziorik ez egiteko duten eskubidea.
Diziplinazko prozeduren menpe dauden elkargokideak ez daude behartuta aitorpenik egitera edo berariaz ezarritako epeetan alegaziorik aurkeztera. Jarrera horrek ez du diziplinazko erantzukizun berririk sortuko, baina ez du jarduerekin aurrera egitea eragotziko edo horiek etetea ekarriko.
II. KAPITULUA
JARDUEREN HASIERA ETA ALDEZ AURREKO INFORMAZIOA
6. artikulua.– Jardueren hasiera.
1.– Diziplina prozedura Elkargoaren kabuz hasiko da beti, Deontologia Batzordeak erabakita, bai bere ekimenez edo Gobernu Batzordearen aginduz, bai beste pertsona edo erakunde batzuk salaketa jarri edo komunikazioa egin dutelako.
2.– Diziplinazko prozeduraren jatorri diren egintzak salatu edo komunikatu dituena ez da prozedurako alderdi izango, baina eskubidea izango du prozedura hasteko ebazpenaren berri izateko eta jarduketak artxibatzeko edo zehapena jartzeko ebazpenak ezagutzeko, egoki diren errekurtsoak jarri ahal izateko.
7. artikulua.– Aldez aurreko informazioa.
1.– Deontologia Batzordeak aldez aurreko informazioa egitea erabaki dezake. Horrelakoetan, aldez aurreko informazioko prozedura hasteko erabakian, Batzorde horretako kide bat izendatuko da hori egiteko.
2.– Aldez aurreko informazioa hasteko, salaketa-egileari berrespena eskatuko zaio, hasteko espedientean hori ez dela beharrezkoa adierazi ezik. Aldez aurreko informazioa ireki dela adierazten duen jakinarazpena egin ondorengo hamar egunetan, salaketa-egileak berrespena sendetsi edo ezetsi beharko du. Epe horretan erantzuten ez badu, jarduerak amaitutzat joko dira eta artxibatu egingo dira besterik gabe, txostengileak dagokion diligentzia egin ondoren, salbu eta Deontologia Batzordeak kontrakoa erabakitzen badu.
3.– Berrespena egin ondoren edo berrespenik egin behar ez den kasuetan, txostengileak eragindako elkargokideari jakinaraziko dio aldez aurreko informazioa hasi dela, eta salaketaren edo horren jatorri diren egintzen berri emango dio. Eragindakoak hamar eguneko epe luzaezina izango du egoki iritzitako alegazioak eta agiriak aurkezteko.
4.– Txostengileak egoki ikusten dituen diligentziak egin ahal izango ditu gauzak argitzeko eta egon daitekeen diziplinazko erantzukizuna zehazteko, eta bi hilabeteko epean aldez aurreko informazioa amaitu beharko du, hasi zenetik kontatuta. Proposamen hauetako bat egin beharko du:
a) Jarduketak behin-behinean edo behin betiko largestea, baldin eta diziplinazko erantzukizunik sumatzen ez bada, erantzukizun hori iraungi bada edo ustezko hutsegitean erruztatuak parte hartu ez badu.
b) Hutsegite arinagatiko zehapena ezartzea, eranskin onetako 1. artikuluan aipatutako izapideak jarraituta.
c) Diziplinazko espedientearen instrukzioari ekitea eranskin honetan ezarritako eran, baldin eta diziplinazko erantzukizun larriagoa sumatzen bada, hori elkargokide jakin bati egotzi ahal bazaio eta iraungita edo preskribituta ez badago.
5.– Proposamen horiek eztabaidatu ondoren, aurreko paragrafoko a) edo b) idatz-zatietako kasuetan, Deontologia Batzordeak bere proposamen propioa egingo du eta Gobernu Batzordeari igorriko dio ebazpena har dezan. c) idatz-zatiko kasuan, berriz, Deontologia Batzordeak eranskin honetako 8. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera jokatuko du.
6.– 5. idatz-zatian aipatutako erabakiak elkargokide interesatuari jakinaraziko zaizkio beti. Erabakian hutsegite arinagatiko zehapena ezartzen bazaio, eranskin honetan zehaztutako eran errekurritu ahal duela adieraziko zaio.
7.– Jarduketak artxibatzen direnean edo erruztatuari hutsegite arinagatiko zehapena ezartzen zaionean, Erabakia salaketa jarri edo komunikazioa egin duen pertsonari ere jakinaraziko zaio, eta eranskin honetan zehaztutako eran errekurritu ahal duela adieraziko zaio.
III. KAPITULUA
DIZIPLINA ESPEDIENTEAK
8. artikulua.– Diziplina espedientea irekitzea eta hori instruitzeko eta ebazteko eskumena.
Diziplina espedientea irekitzeko erabakia Deontologia Batzordeak hartuko du, eranskin honetako 6. artikuluaren arabera. Batzorde horrek espedientea irekitzeari beharrezko ez deritzonean, Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio. Dena den, Gobernu Batzordeak espedientea irekitzeko agindua eman dezake, egoki ikusiz gero.
9. artikulua.– Diziplina espedientearen instrukzio-egilea eta idazkaria.
1.– Diziplina espedientea irekitzeko erabakian bertan aipatuko da zeintzuk izango diren instrukzio-egilea eta idazkaria, bai dagoeneko izaera orokorrarekin izendatuta badaude eta bai kasu jakin horretarako izendatu badira. Egoki iritziz gero, gero aldatu ere egin ahal izango dira. Instrukzio-egilea Deontologia Batzordeko kide bat izango da nahitaez.
2.– Espedientea ireki zaion elkargokideari diziplina espedientea ireki zaiola jakinaraziko zaio, instrukzio-egile eta idazkari izendatu direnen izenak aipatuta. Gerora kargu horietan dihardutenak aldatzen badira, hori ere jakinaraziko zaio. Informazio berbera emango zaie kargu horietarako izendatutakoei.
3.– Diziplina espediente bateko instrukzio-egile eta idazkari karguak onartzeko jar daitezen aitzakiak Deontologia Batzordeak balioetsi eta, hala badagokio, onartuko ditu.
4.– Interesatuak instrukzio-egilea eta idazkaria nortzuk diren jakiten duen momentutik, errefusatzeko eskubidea erabili ahal izango da. Azken erabakia Deontologia Batzordeak hartuko du.
5.– Instrukzio-egilearen edo idazkariaren abstentzioari edo errefusatzeari buruzko ebazpenen aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu, gerora egin daitezen jarduketetan edo errekurtsoetan horretaz egiten diren alegazioak eragotzi gabe.
6.– Instrukzio-egileak, idazkariak fede emanda, egintzak zehazteko eta egiaztatzeko behar diren diligentziak egiteko agindua emango du. Zehatzago, egintzak argitzeko eta zeha daitezkeen erantzukizunak finkatzeko frogak aginduko ditu.
7.– Abstentzioari eta errefusatzeari dagokienez, instrukzio-egileari eta idazkariari administrazio-prozedurari buruzko legeria aplikatuko zaie, artikulu honetan xedatutakoa eragotzi gabe.
10. artikulua.– Kargu-orria.
1.– Burututako jarduketak aztertuta, instrukzio-egileak kargu-orria egingo du. Horretarako, hilabeteko epea izango du, diziplina-espedientea ireki denetik.
2.– Kargu-orria argia eta zehatza izango da. Bertan honako hauek adieraziko dira: erruztatuari egozten zaizkion egintzak, bakoitza lerrokada batean eta zenbakituta, eta, hala badagokio, ustezko hutsegitea eta aplika dakizkiokeen zehapenak, kasuan kasuko lege-manuak aipatuta.
11. artikulua.– Kargu-orriaren erantzuna.
1.– Kargu-orria erruztatuari jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epe luzaezina ezarriko zaio egoki iritzitako alegazioak eta agiriak aurkez ditzan.
2.– Kargu-orriari emandako erantzunean, erruztatutak, beharrezko baderitzo, zuzenbidean onargarri den edozein froga eskatu edo komenigarri ikusten dituen agiriak aurkez ditzake.
12. artikulua.– Frogaldia.
1.– Instrukzio-egileak hilabeteko epea izango du egoki ikusten dituen frogak, proposatutakoak edo bestelakoak, egiteko. Epe hori kargu-orriari erantzuna ematen zaionean hasiko da kontatzen edo, erantzunik eman ezik, horretarako epea amaitzen denean.
2.– Instrukzio-egileak aukera izango du beharrezko ikusten ez dituen frogak ez onartzeko eta ez egiteko. Horretarako, ebazpen arrazoitua eman beharko du eta horren aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu, gerora egin daitezen jarduketetan edo errekurtsoetan horretaz egiten diren alegazioak eragotzi gabe.
3.– Instrukzio-egileak egin behar dituen frogen kasuan, erruztatuari non, zein egunetan eta zein ordutan egingo diren jakinaraziko zaio, parte hartu ahal izan dezan.
13. artikulua.– Ebazpen proposamena.
1.– Hurrengo hamar egunetan, instrukzio-egileak ebazpen-proposamena egiteko testua aurkeztuko dio Deontologia Batzordeari. Bertan honako hauek adieraziko ditu: egintzak zehatz-mehatz; frogak ez egiteko arrazoiak, hala badagokio; egintzen balorazio juridikoa, hutsegitea zehazteko; erruztatuaren erantzukizuna eta, azkenik, ezarri beharreko zehapena.
2.– Deontologia Batzordeak testua aztertu eta espedientea ebazteko proposamena egingo du. Proposamenean 1. paragrafoan adierazitakoak jasoko dira.
14. artikulua.– Erruztatuaren alegazioak.
Ebazpen proposamena erruztatuari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango zaio espedientea ikusi eta bere alde egoki deritzona alega dezan.
15. artikulua.– Espedientea igortzea ebazpena hartzeko.
1.– Behin erruztatuari entzun ondoren edo, alegaziorik ez badago, horretarako epea amaitu ondoren, Deontologia Batzordeak espediente osoa Gobernu Batzordeari igorriko dio beste izapiderik gabe. Gobernu Batzordeak, hilabeteko epean, ebazpena emango du edo Deontologia Batzordeari egoki ikusten dituen diligentziak egiteko eskatuko dio.
2.– Espedientea diligentzia gehiago egiteko itzultzen denean, Deontologia Batzordeak, berriz igorri aurretik, hamar eguneko epe luzaezina emango dio erruztatuari egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
16. artikulua.– Espedientearen ebazpena.
1.– Diziplina prozedurari amaiera ematen dion ebazpena arrazoitua izango da, espedientean azaldutako kontu guztiei erantzungo die eta ez ditu onartuko kargu-orriaren eta ebazpen proposamenaren oinarri izan ziren egintzez bestelakoak, nahiz eta balorazio juridiko desberdina egin dezakeen. Ebazpena hartzeko orduan, ezin izango dute parte hartu espedientearen instrukzio aldian Deontologia Batzordeko kide gisa parte hartu zutenek, ezta instrukzio-egileak eta idazkariak ere.
2.– Ebazpena erruztatuari eta, hala badagokio, egintzak salatu edo komunikatu zituenari jakinaraziko zaie. Gainera, horren aurka zein errekurtso jar dezaketen, zein organoren aurrean eta zein epetan ere adieraziko zaie.
IV. KAPITULUA
ERREKURTSOAK ETA HARREMAN ORGANIKOAK
17. artikulua.– Errekurtsoak.
1.– Diziplina espedientea irekitzeko ebazpenaren aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, ezta hori izapidetzean hartutako erabakien aurka ere. Dena dela, diziplina espedientea erabakitzen duen ebazpenaren aurka jar dadin errekurtsoan eta gerora burura daitezen errekurtsoetan eta jarduketetan alegazioak egin ahal izango dira.
2.– Errekurri daitezkeen Gobernu Batzordeko erabakiak Elkargoko estatutuen 96. artikuluan zehaztutako eran errekurritu behar dira.
3.– Deontologia Batzordeko erabakiak edo diziplinazko eskumenak dituzten bestelako organoenak, errekurritu badaitezke, hilabeteko epean errekurrituko dira Gobernu Batzordearen aurrean.
18. artikulua.– Harreman organikoak.
1.– Deontologia Batzordeak eta diziplina eskumenak dituzten bestelako organoek Gobernu Batzordearen menpe jardungo dute.
2.– Dena den, Gobernu Batzordeak bere irizpideak eta Deontologia Batzordearenak espediente jakin bati dagokionez guztiz kontrakoak direla ikusten badu, espediente horretan dituen zeregin batzuk edo guztiak ken diezazkioke Deontologia Batzordeari, beti ere, arrazoiak emanda.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bakarra.– Deontologia Batzorderik ez egotea.
Deontologia Batzorderik ez badago, eranskin honetan esleitzen zaizkion eskumen guztiak Elkargoko estatutuen 94.2 artikuluan aipatzen den ordezko organoari emango zaizkio, horrela xedatzen baita artikulu horretan bertan. |